Webgune honetan gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu soilik zure bisita optimizatzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago

Davide Cabaleirok “Sitio Distinto” dokumentala aurkeztuko du Sabino Arana Fundazioan

• Dokumental horretan, azken 120 urteetan Euskadira etorritako Galiziako etorkinen istorioa eta bi herrion arteko harreman sakonak jorratzen dira. • Emanaldia apirilaren 12an izango da, 19:30etatik aurrera • PARTEARTZAILEAK: Davide Cabaleiro; Deustuko Unibertsitateko irakaslea Xosé Estévez eta Juan Mª Atutxa. SARTZEA LIBRE.


asteazkena, 2018.eko apirilak 4

Davide Cabaleirok “Sitio Distinto” dokumentala aurkeztuko du Sabino Arana Fundazioan
  • Apirilaren 12an, ostegunarekin, 19:30etan hasita, Davide Cabaleirok bere aurreneko lana,  “Sitio Distinto” izenekoa, aurkeztuko du Sabino Arana Fundazioan. Bertan, azken 120 urteotan Euskadira etorritako Galiziako etorkinen istorioa eta, aldi luze horretan, milaka urte dituzten bi kultura horien arteko harremanak jorratzen dira.

  • Davide Cabaleiro orain dela zazpi urte heldu zen Gipuzkoara A Coruñatik, bere jaioterritik, ikasketetan sakontzera. Heldu eta berehala, Galiziatik Euskadira etorritakoen istorioa ezagutu eta, orain dela bost urte, proiektu honi ekin zion, bere aurreneko lanari, alegia.

  • Sitio Distinto azken 120 urteotan barrena doan bidaia da eta, bertan, Galiziatik Euskadira etorritako etorkinen hainbat aldi erakusten dira. Hasteko, burdinaren meatzaritzan lan egiten hasi zirenena, gero arrantzan, gero industrian… eta, gaur egun, euskal lurraldeetan bizi diren gazte galiziar askorena. XIX. mendearen amaieratik gaurdainoko bidaia horren bidez, erraz ulertuko dugu galiziarrak zergatik etorri ziren Euskadira eta zergatik geratu ziren hemen. Era berean, igarriko dugu erabaki horren ondorioz, bi herriak hurbildu eta batera hazi direla gizartean, kulturan eta beste alor askotan. Egun, 40.000 galiziar bizi dira gurean eta, horregatik, galiziera dugu Euskadin gehien erabiltzen den hirugarren hizkuntza, gaztelaniaren eta euskararen atzetik.

  • Ildo horretan, dokumentalean gure jendarteko pertsona esanguratsuen lekukotasunak ageri dira, besteak beste, ondokoenak: Antón Reixa, Kepa Junkera, Galiziako jatorria duen Dani Álvarez kazetaria; Xabier Amuriza bertsolaria, Rosa Orellana antropologoa; Deustuko Unibertsitateko irakaslea Xose Estevez,  Uxia Senlle, Iñaki Anasagasti...

  • Castelaoren omenezko lore-eskaintza 

  • “Sitio distinto” dokumentalaren emanaldia Galiziako nazionalismo modernoaren sortzaile izan zen Alfonso Daniel Rodríguez Castelaoren aldeko omenaldia eta lore-eskaintzaren baitan eskainiko da, Bilboko Udalaren eta Euskadin dauden Galiziako etxeen Irmandadearen eskutik, Sabino Arana Fundazioaren laguntzaz. Aurtengo lore-ekaintza apirilaren 15ean egingo da, eguerdiko 12etatik aurrera, Bilboko Txurdinaga auzoko Europa parkean¬ –Miguel Ángel Lertxundi eskultore bizkaitarrak Castelaori eskainitako eskulturaren ondoan¬–. Ekitaldi horretan, erakundeetako hainbat ordezkarik parte hartuko dute, besteak beste, Bilboko alkate Juan Mari Aburto jaunak, Euskadin dauden Galiziako etxeen Irmandadeko presidente Pilar Rodríguez andreak eta Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan María Atutxa jaunak.

IKUSI AURKEZPENA

Comments (0) Number of views (1065)

Tags:

© 2013-2018 Sabino Arana Fundazioa