Convocatoria a los medios de comunicación • 7 February 2017
EGUNA. 80 URTE. “Euskal prentsaren hastapena, oraina eta geroa” jardunaldia
Ekitaldia ostiralean, otsailak 10, izango da. 09:30ean hasiko da Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria, 15). Bilboko Udalak, Sabino Arana Fundazioak, Euskaltzaindiak, Euskal PEN/Basque PEN Klubak eta Deia egunkariak, antolatuta.
Egunotan, 80 urte bete dira EGUNA egunkariaren lehen zenbakia kaleratu zenetik. 1937ko urtarrilaren 1ean plazaratu zen lehenengoz, gerra bete-betean, eta sei hilabete geroago, ekainaren 13an, argitaratu zen azkenengoz, hain zuzen ere, soldadu faxistak Bilbora sartu baino sei egun lehenago. Egunkari haren 139 zenbaki kaleratu ziren.
Euskara hutsezko lehen egunkari hura zein testuingurutan sortu zen, haren garrantziaz eta gaur egungo komunikabideetan izan duen eraginaz eztabaidatzeko, jardunaldia antolatu dute bost erakundek lankidetzan: Bilboko Udalak, Sabino Arana Fundazioak, Euskaltzaindiak, Euskal PEN/Basque PEN Klubak eta Deia egunkariak. Horren haritik, historialariak eta kazetariak bilduko ditugu 2017ko otsailaren 10ean, ostiralarekin, 9:30 eta 13:45 artean, Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria 15, Bilbo). Jardunaldiaren egitaraua honekin batera doa. Etortzekotan, jakinarazi, mesedez, 944056450 telefonora deituz edo idazkaritza@sabinoarana.org posta elektronikora idatziz.