Euskadi Think Next • 2024ko otsailaren 28a
Politikan diharduten hiru gaztetarik bik uste dute premiazkoa dela gazteei bide ematea
Belaunaldien arteko txandaketa beharrezkotzat jotzen dute, politika arnasberritu eta jardunbideak nahiz agenda publikoa eraldatu ahal izateko.
Egoitz Etxeandia Teach For All eta Harvard University-ko STEAM proiektuaren aholkulari eta Irakasle Ekintzailearen Sari Nazionala jasotakoak; Marta Rosique i Saltor kazetaria, politologoa eta Diputatuen Kongresuko diputatu ohiak; eta Julen Karrion Muruetako (Bizkaia) alkateak parte hartu dute gaur «Euskadi Think Next» berrikuntza politikoaren laborategiaren beste topaldi batean, gazteen eta politikaren arteko egungo loturari buruz hausnartzeko xedez.
Ustez, eta badirudi inkesta askok ere horixe baieztatzen dutela, gazteek ez dute interes handirik politikan. Bestalde, politikan diharduten gazteak, nagusiki, proiektu politiko batekiko konpromisoaren ildoan hasi omen dira politikan. Gazteek aitortzen dute gazteriaren kezkak ez daudela politikan islatuta, eta beharrezkoa dela belaunaldien arteko txandaketa egitea, politika arnasberritu eta jardunbideak eta agenda publikoa eraldatu ahal izateko.
Egoitz Etxeandia hezkuntzan adituak Irakasle Ekintzailearen sari nazionala jaso zuen eta, gaur egun, STEAM Proiektuaren aholkulari arduraduna da Teach For All eta Harvard University-n. Etxeandiak ez du inoiz inoiz politika tradizionala gustuko izan, «nire gaztaroko kezkekin bat ez zetorrelako. Nire bidea politika tradizional horren ertzetik garatu da, gogozko parte-hartzea eta herritarrak izan dituelako oinarri, berrikuntzaren eta hezkuntzaren ikuspegitik», adierazi du.
Etxeandiak uste du gazteak politikara erakartzeko ezinbestekoak direla laguntza ekonomikoak eta garapen-arlokoak. «Industria- eta lan-egiturak sortu behar dira, gazte horiek euren talentua ustiatzea izan dezaten, etsi ez daitezen, eta, barrutik, Euskadi aldatzeko gogoa izan dezaten. Horixe da politikaren mudua gazteei hurbiltzeko beste modu bat», adierazi du.
Etxeandiaren arabera, gaurko gazteen interesak erabat aldatu dira ingurumari sozialaren, komunikatzeko moduen, plataformen eta abarren ondorioz. «Askotan, gaur egungo gazteei heltzen zaien mezua mezu ezkorra da, lan egiteko aukerarik izango ez dela, adimen artifizialak enplegua suntsitu duela... Orduan, inguruabar horretan, oso zaila da proiektu politikoekiko konpromisoa eskatzea, gizarte-aldaketa eragiteko. Arazoa ez da horrenbeste talenturik eza, gizartean parte hartzeko gogoa baitago. Gazteen aldeko apustua egin behar da, haiek izango baitira, benetan, belaunaldi garaikidearekin eta atzetik datozen belaunaldiekin bat egingo duten kate-begia», nabarmendu du.
Marta Rosique i Saltor kazetaria eta politologoa da. 23 urte zituela, diputatua izan zen Diputatuen Kongresuan, Bartzelonako ordezkari. Inoizko diputaturik gazteena izan da Kongresuan. Gaur egun, Bartzelonako institutu batean lan egiten du. Martaren arabera, politikan gazte gehiagok jarduteak ez du esan nahi gazteek politikarekiko interes handiagoa dutenik». Rosiqueren arabera, politikan hasten direnean, gazteek ulertu behar dute, hasteko eta bat, zer-nolako rol bete dezaketen politikan. «Politika instituzionalean hasten zarenean, rol eta eginkizun jakin batzuk ezarrita daude, pertsona guztiak mimetizatzen dira eta, azkenean berdin antzean jokatzen duzu, eta horixe da hautsi behar dena. Izan ere, rolen hauslea zarenean, interesa piztuko duzu», adierazi du.
Kazetari eta politologoaren iritziz, ongizate ekonomikoak lagundu egiten du politikara hurbiltzeko urratsa, «baina, egiatan, alderantziz gertatzen dela uste dute gehienek». Rosiquek dioenez, politikarekiko abegitasuna lortzea da «gazteak hasieratik bertatik parte harraraztea, politiken formulaziotik, ez bakarrik azken aldian, kanpainetan».
Julen Karrion abokatua, 20 urte besterik ez zituela, Muruetako (Bizkaia) alkate hautatu zuten EAJ-PNV alderdiaren izenean. Gaur egun, 24 urte dituela, udalerri horretako udalburu hautatu dute berriro, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako prokuradore ere bada. Julenek dioenez, «gazteek politikari arnas berria ematen badiote ere, ez da bat-bateko aldaketarik egin behar. ‘Katea ez da eten’, hau da, politikaren arloa apurka-apurka aldatzen joan behar den katea da», adierazi du.
Karrionen iritziz, oso gizarte indibidualistan bizi gara, eta politikari begiratzen diogu gutako bakoitzari eragiten diotenei erreparaturik. «Aurreko mailara itzuli eta besteengan apur bat gehiago pentsatu beharko dugu», nabarmendu du. Muruetako alkatearen arabera, «politikak pertsonak dauden tokian egon behar du, eta, ildo horretan, sare sozialak eta hedabide digitalak funtsezko tresna izan daitezke gai politikoak gazteriarrengana hurreratzeko».
Xabier Barandiaranek, EAJ-PNV alderdiaren Berrikuntza Politikoaren arduradun eta «Euskadi Think Next» ekimenaren zuzendariak eta Sabino Arana Fundazioaren presidente eta EAJ-PNV alderdiaren EBBko idazkari Mireia Zaratek aurkeztu dute alderdi jeltzaleak eta Sabino Arana Fundazioak abian jarri duten «Euskadi Think Next» ekimenari atxikitako jardunaldi hau. Leire Palacios komunikatzaile eta berrikuntza-eragileak gidatu du mintegian parte hartu dutenen arteko elkarrizketa.