Euskadi Think Next • 2024ko ekainaren 26a
Zenbat buru, hainbat aburu politikaria izatearen esanguraz
- Xavier Trias: «Jardun politikoan, gauza guztien gainetik, zerbitzu publikoaren bokazioa nabarmendu behar da».
- Miren Azkarate: «Ziurrenik, herritarrek balorazio hobea egingo lukete politikagintza esperientzia egiaztatua duten profesionalak ikusiko balituzte, nork bere lanbidea utzi eta politikari urte batzuk emanda, ondoren jatorrizko lanbidera itzuliz gero».
LUPAK jarduera politikoaren behatokiak egindako ikerketa baten arabera, herritar guztien % 67k uste du jarduera politikoan dihardutenek konfiantza maila baxuagoa dutela beste lanbide batzuetan, eta gero eta gehiago jotzen dutela, hain zuzen ere, politikariak ez direnak hautatzera kargu politikoak betetzeko.
Alabaina, askok uste dute kalitatezko demokrazia eduki dezagun, beharrezkoa dela politikari profesionalak aritzea politikan.
Lanbidetzat hartuta, jarduera politikoak dituen abantailen eta desabantailen inguruan eta ezagutza profesionalaren (gaitasun zehatzak) zein kudeaketa publikoaren (eraginkortasuna) inguruan dakarrenari buruz hausnartzeko, Euskadi Think Next pentsamendu eta berrikuntza politikoaren laborategiak politikariak eta gizarteko hainbat esparrutako ordezkariak bildu ditu gaur, «Politika, lanbidea edo zerbitzu publikoa?» izenburuaren ildoan.
Hizlariak ondokoak izan dira: Xabier Trias, medikua eta Bartzelonako alkatea 2011 eta 2015 urteen artean, eta Miren Azkarate, filologoa, EHUko katedraduna eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua 2001 eta 2009 urteen artean. Jaime Otamendi kazetariak parte hartu du aditu gonbidatu gisa.
Xavier Triasen ustez, jarduera politikoa gauzatzean, «gauza guztien gainetik», zerbitzu publikoaren bokazioa nabarmendu behar da. «Lehentasuna da herritarren bizitza hobetzeko lan egitea da, horri zor baitiogu gure eginkizuna», azpimarratu du.
Bartzelonako alkate ohiak adierazi duenez, beti defendatu du politikan aritu aurretik «ondo dagoela lanbideren bat izatea eta bertan jardun izana; politikako zerbitzua amaitzen denean, lanbide horretara itzuli ahal izateko», azpimarratu du.
«Uste dut gizarte zibilak, enpresaren munduak, arlo pribatura itzultzea erraztu behar duela. Bateraezintasunak egon behar dira, jakina, eta adostu ditugun arauak bete behar dira, baina jendeak bere lanbidean berriro aritzeko aukera izan behar du», adierazi du Triasek.
Era berean, Bartzelonako alkate ohiak uste du «jarduera politikoan eta arlo publikoaren kudeaketan gaitasun profesionala, gaitasuna eta bikaintasuna sustatu behar direla. Eta, aldi berean, egikaritze publiko horrek urte batzuetan iraun dezan lagundu behar dela. Politikan, behin-behinekotasuna kaltegarria da». «Ez dut zelan edo halango politikan sinesten», nabarmendu du.
«Zerbitzu publikoa sakrifiziotzat jotzen duten politikariez» ere ez dela fidatzen adierazi du. «Politikan aritzeko, gustukoa izan behar duzu eta gozatu behar duzu jardunean; sakrifiziotzat hartzen baduzu, herritarren kalte», adierazi du.
Azkenik, adierazi du politikan «ordezkatzen duzun alderdiaren babesari eustea» ezinbestekoa dela, baina «kargu instituzional batean duzun erantzukizunean, alderdikeriaz jokatzea saihestu behar da». «Azkenean, pertsona guztiei eman behar diegu zerbitzua, pentsatzen dutena pentsatzen dutela» esanez amaitu du.
Hainbat maila jardun politikoa egikaritzean
Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak eta EHUko katedradunak, politikak lanbide edo zerbitzu publiko izan beharko lukeen aztertu aurretik, «jarduera politiko terminoari buruzko ñabardura batzuk egitea komeni dela» adierazi du. Haren aburuz, «jarduera politikoan maila asko daude. Ez da gauza bera lehendakari edo sailburu, sailburuorde, diputatu nagusi, alkate edo alkateorde izatea: hiriburu, hiri handi edo herri txiki bateko alkate izatea. Ez da gauza bera Kongresuko diputatua edo legebiltzarkidea izatea, edo alderdi politiko bateko buruzagia. Hala ere, lanpostu horietako edozein betetzen duten pertsonak jardun politikoan ari dira. Herritarrek politikan dihardutenei balorazio negatiboa egiten dietenean, jarduera-maila desberdinei buruzko balorazio orokorra egiten ari dira. Bada, noski, maila horietan guztietan izendatzaile komun bat, herritarren bizitza hobetzearen alde lan egitea (horrek izan beharko luke politikan dihardutenentzako helburua); baina alde nabarmenak daude jarduera politikoa deitzen dugunaren barruan».
Beste alde batetik, aniztasun hori kontuan hartu behar da «profesionalizazioaz» hitz egiten denean. Egia da politika profesionalizatuz joan dela. «Baina hori al da desiragarria?», galdetu dio bere buruari. «Profesionalizatzea baldin bada politika egitea zure lanbidea, zure bizimodua, ez dut uste, oro har, desiragarriena denik. Gehienak konbentzimenduz sartzen dira politikan, ideia politiko bat partekatzeagatik; hala ikusten dut. Baina politikan urteetan jarraitzeko planteamenduak hasierako uste sendo hura alde batera uztea eta beste edozein kontsiderazioren gainetik jarraitzeko ideia helburu bihurtzea ekar dezake», argitu du.
«Herritarrek hobeto baloratuko lukete, ziurrenik, politikagintza esperientzia egiaztatua duten profesionalak ikusiko balituzte, duten lanbidea utzi eta politikari urte batzuk ematen dizkiotenak ondoren jatorrizko lanbidera itzultzeko. Eta horrek esan nahi du itzulera ziurtatzeko formula egokiak aurkitu behar direla; ate birakariei buruzko analisi eta eztabaida lasaia egin behar dela. Baina, kontrapuntu gisa, eta jarduera politikoan dagoen aniztasunera itzuliz, badira alkateak (askotan herri txikietakoak), herrikideek estimatzen dituztenak, hauteskundez hauteskunde babesa lortzen dutenak; kargu horiek eguneroko lanarekin bateragarri egin behar dute politikan aritzea. Eta, bestalde, alderdi politiko baten barruko jarduera politikoa beste maila batean geratzen da, kudeaketa-erantzukizun zuzenik gabe, nahiz eta eragin handia izan, gurea bezalako sistemetan, hauteskunde-zerrendak egiteko orduan» azaldu du sailburuorde ohiak.
Xabier Barandiaran, EAJ-PNV alderdiaren Berrikuntza Politikoaren Arloko arduraduna eta «Euskadi Think Next» ekimenaren zuzendaria, eta Sabino Arana Fundazioaren presidente eta EAJ-PNV alderdiaren EBBko idazkari Mireia Zarate izan dira EAJ-PNV alderdiak eta Sabino Arana Fundazioak Euskadiren egungo eta etorkizuneko erronkei euskal gizartearekin modu partekatuan heltzeko asmoz abian jarri duten pentsamendu eta berrikuntza politikoaren laborategiaren jardunaldi berri honen aurkezleak. Leire Palacios komunikatzaile eta berrikuntza-eragileak gidatu du mintegiko parte-hartzaileen arteko elkarrizketa-eztabaida.