Efemeridea • 2024ko urriaren 1a
1936ko urriaren 1ean: Gorteek lehen euskal autonomia estatutua onartu zuten
Gerra Zibilaren hasierak estatua onartzeko izapidea bizkortu zuen
Gaur, urriaren 1ean, 88 urte bete dira Gorteek, Valentzian, ezohiko bilkuran, hilabete batzuk lehenagotik prestatutako proiektua aldarrikapenez onartu zutenetik eta, horri esker, astebete geroago, lehen Eusko Jaurlaritza eratu zenetik.
II Errepublikan, EAJren eta EAE-ANVren estrategia politikoa galdutako autogobernua berreskuratzea izan zen. Horren ondorioz, eskuindar katolikoekin aliatu ziren lehenik, Lizarrako Estatutua (1931) izenekoan, eta, azkenean, Fronte Popularrarekin (1936ko Estatutua). Euskal abertzaletasunak lehen urratsa zuen autonomia estatutua; xede nagusia, baina, foruak berrezartzea eta, euskal estatu bat eratuta, Euskadiren subiranotasuna zen.
1931n, ezkertiarren aurkaritzagatik, eta 1933an, eskuindarren aurkaritzagatik –bi-biak biak gobernuan zeudelarik− lortzerik izan ez zena, 1936an erdietsi zen gerra garaian, Fronte Popularraren Estatutuaren babesaren laguntzaz.
Agirre Lehendakariaren zinaren 75. urteurrena dela eta, José Antonio Rodríguez Ranz-ek DEIA egunkariaren Historias vascas sailean, 2011/10/8an argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.