Efemeridea • 2023ko azaroaren 21a
Lizarrako Eskola Serafikoak 120 urte
Gaurkoa lako egun batean, 1903ko azaroaren 21ean, hain zuzen, Iberoko Aita Ebanjelariaren ekimenez, Kaputxinoen Eskola Serafikoa inauguratu zen Lizarran, Sabino Aranaren postulatuei jarraiki, «Instaurare in Christo Euskariam» goiburua zuena.
Lizarrako kaputxinoen Rocamador fraide-etxean ezarrita, sasoi hartan pizten ari zen euskal abertzaletasunaren printzipioetan oinarritutako erakunde erlijioso horretara joan zen bisitan Pedro M. Albaitero, Buenos Aires hiriko Euskal Etxeko Batzordekoa, Eskola Serafikoa sortu eta urtebetera, Euskal Etxekoek zabaldu nahi zituzten ikastetxeak zuzentzeko euskal komunitate erlijioso baten bila zebilelarik.
Iberoko Aita Ebanjelariaren beste ekimen bat dugu, 1906an, Bilbon argitaratu zen «Euskal AMIa» edo euskal abertzaletasunaren doktrina, berak idatzita, eta Buenos Airesen, 1907an, argitaratu zen «Muera la Mentira. Viva la Verdad» aurrekoaren bertsioa. Ramon Goikoetxea Orokieta izen zibila zeukan erlijioso horren lan proselitista emankorra eten egin zen bat-batean, gazterik hil zela, 1909ko irailaren 2an, 36 urte zituela.