Efemeridea • 2024ko otsailaren 14a
1904ko otsailaren 14a: Bilboko Euzko Gaztediren sorrera
120 urte bete dira gaur euskal abertzaletasunaren lehen gazte erakundea sortu zenetik.
Euskal abertzaletasunak XX. mendearen lehen urteetan izan zuen hedapenaren ondorioz, Juventud Vasca, gazteen lehen erakunde abertzalea, sortu zen Sabino Arana hil eta hiru hilabetera. Gazteen mugimendu haren jarduera, batez ere, euskal sentimendu abertzalea adierazi eta hedatzea izan zen, bai eta beste gizarte-, kultura- edo kirol-antolakunde eratzeko euskarria izatea eta laguntza eskaintzea ere, halakoen lehen bultzada gazteen erakundearen lokaletan egindako ekitaldi eta hitzaldietan etorri zelarik.
Euskara, dantzak, kirola eta kultur jarduerak baliatu zituzten euskal sentimendu abertzalea adierazteko eta zabaltzeko tresna nagusitzat, Espainiako agintariek etengabe galarazi nahi zutelako erakundearen jarduera politikoa. Geroago, 36ko gerrak eta Francoren diktadurak ilusio horiek zapuztu zituzten. Gaur egun, EGIk dauka lehen erakunde horren lekukoa.
Luis de Gezalaren «El faro del nacionalismo vasco» izeneko artikulua, DEIA egunkarian, 2010eko otsailaren 13an, argitaratutako artikulua erantsi diogu urtemugari.