Efemeridea • 2023ko ekainaren 16a
1560ko ekainaren 16an: sute handi batek Elgoibarko hirigunea suntsitu zuen.
55 eraikin erre ziren, udaletxea barne.
1560ko ekainaren 16an, Elgoibarko Somera kalean hasitako sute handi batek ia-ia hirigune osoa suntsitu zuen, baita udaletxea eta antzina desagertutako San Frantzisko komentuaren zati bat ere. Guztira, 55 eraikin erre ziren. Eraikuntzak egurrezkoak zirenez, sua azkar bai azkar zabaldu zen. Orduan, Altzola dorretxea udalaren bilerak egiteko egoitza bihurtu zen eta hiribildua berreraikitzea erabaki zen. Hartutako erabakien artean, nabarmentzekoa da eraikin berriek karez eta hareaz estalitako harrizkoak izan behar zutela, eta oholak zorutik at erabiltzea debekatu zela. Gaur egun, Altzola dorretxea “Torrekua” izeneko kultura-etxea da eta Elgoibarko elementu heraldikoz hornituriko armarri bikaina du.
Argazkian, Altzolatarren dorretxea, XIX. mendearen amaieran (Auñamendi).