Efemeridea 2021ko uztailaren 7a

1808ko uztailaren 7an, “Baionako Konstituzioa” izenekoa onatu zen eta euskal foruak salbatu ziren

“Baionako Konstituzioa”, “Baionako Ituna” edo “Baionako Estatutua” ere deitutakoa, Jose Bonapartek, Espainiako errege zela, aldarrikatutako eta estatu konstituzional bonapartarraren ereduan oinarritutako Gutuna izan zen. Historialari eta legelari askoren iritziz, Espainiako lehen konstituzio-testua izan zen. 1808ko uztailaren 7an onartu zen.

1808ko uztailaren 7an, “Baionako Konstituzioa” izenekoa onatu zen eta euskal foruak salbatu ziren

«Euskal foruen krisia Napoleon 1808an Espainiako Estatuan sartu baino 15 urte lehenago hasi zen. Azkenak, Espainiako konstituzio-proiektua ezagutzera emateko deitutako Baionako Batzarrean, lau euskal lurraldeetako diputatuek trebetasun eta arte handiz argudiatu zuten foruei eusteko eta Konstituzio berritik salbuesteko, eta, horrela, lortu zuten Napoleonek, 144. artikulua dela bide, euskal araubide politikoari hel ziezaion eta haren aldaketa edo erreforma atzera zezan» (Gregorio Monreal Zia).


Napoleonek deitutako batzarrean, foru-lurraldeetako ordezkariak egon ziren, eta lortu zuten, historian lehen aldiz eta behin baino ez gertatu ez dela, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako foruak bazeudela aitortzea.


Lorpen horretan izugarri lagundu zuten Mariano Luis Urkixo bizkaitarrak, Baionako Batzarreko idazkari eta Jose I.a Bonaparteren lagun hurkoak, eta Bizkaiko Jaurerriaren ordezkari eta Enkarterriko legelari Jose Mª Yandiolak. Horiek biek eta beste hiru foru-lurraldeetako ordezkariek elkar hartu zuten, eta foruen aurka oso oldarkor garatu zen batzar horri ulertarazi zioten komenigarria zela mendetan izandako euskal erakundeei eustea.


Ordezkari legez, Enperadoreari bidalitako agirian, Yandiolak Bizkaian antzinatik erabiltzen ziren berezko legeak, Espainiako erregeek berretsi eta zin egindakoak, defedatu zituen. Jaurerriaren burujabetasun eta subiranotasunari oratu zion, lurraldearen berezitasunari, klimari eta bertan jaiotakoen izaerari erreparatuta; izan ere, “lurralde honek ez du zerikusirik estatuko gainerakoekin, Gipuzkoa eta Araba mugakide diren lurraldeak eta Nafarroako Erresuma kenduta, hiru horiek oso antzeko egoeran baitaude”. Yandiolak bere aldarrikapen politikoak azaldu zituen 1808ko ekainaren 28ko saioan, eta jarraian, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako ordezkariak “euskal lurraldeen berezitasuna errespetatzen ez zuen” Konstituzio orokorraren proiektuaren aurka agertu ziren.