Efemeridea 2022ko urtarrilaren 28a

1942ko urtarrilaren 28a: Euzkadiko Batzar Nagusiaren azken bilera Londresen, Agirre Lehendakaria Ameriketan berragertu ostean

Erakunde hori 1940ko uztailaren 11n sortu zuten EAJ-PNV alderdiaren EBBk, Manuel Irujok eta Jose Ignacio Lizasok Europako eremu askean eta, Alemania naziak okupatutako orduko Europan, helburu zuen Lehendakaria eta haren gobernua desagertu zirenean sortutako ordezkagarritasun-hutsunea betetzea.

1942ko urtarrilaren 28a: Euzkadiko Batzar Nagusiaren azken bilera Londresen, Agirre Lehendakaria Ameriketan berragertu ostean

Gerra Zibila amaituta, 1940ko maiatzean, erbesteko Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen egoitza. Alemaniarrek Frantzia inbaditu zuten eta horrek ondorio nabarmenak izan zituen euskal gobernuarentzat. Alde batetik, Jose Antonio Agirre lehendakaria desagertu zen, Belgikan harrapatuta geratu zela, eta urtebete baino gehiago igaro igaro zen berriro agertu zen arte, Ameriketara ihes egin ondoren. Beste alde batetik, Jaurlaritzako sailburuek klandestinitatean jardun behar izan zuten Frantzian, eta herrialde horretatik atera ahal izan zirenak Ameriketara iritsi Lehendakaria bera heldu ondotik. Alemanek Parisko egoitza okupatu zuten eta, geroago, gobernu frankistari eman zioten.


Alemaniarren okupazioa dela eta, Eusko Jaurlaritzaren administrazio-tresneria hankaz gora geratu zen. Jaurlaritzak kanpoan zituen ordezkaritzek bakarrik eutsi zioten funtzionamenduari. Europan geratzen zen bakarra Londresekoa zen, Jose Ignacio Lizaso zuzendari zela. Gainera, baziren beste batzuk Amerikan, New Yorken, Buenos Airesen, Mexikon eta Caracasen, eta beste bat antolatu berria zen Santo Domingon.


Lehendakaria eta beraren sailburuak desagertu zirenean sortu zen ordezkagarritasun hutsari erantzuteko, Ingalaterran zeuden EBBren buruzagi batzuek; Londresen bizi zen Manuel Irujok, EAJko diputatu, Euskal Legebiltzar Taldeko presidente eta Errepublikako ministro ohiak; eta Jose Ignacio Lizasok, Ingalaterrako hiriburuan ordezkari ziharduenak, hutsune hori bete eta euskal gobernuaren egitekoak behin-behinean bere gain hartuko zituen erakunde bat sortzeko erabakia hartu zuten. Azkenean, 1940ko uztailaren 11n eratu zen eta “Euzkadiko Batzar Nagusia” izendatu zuten. 1942ko urtarrilaren 28ra arte iraun zuen Batzar Nagusiak, Agirre lehendakaria Ameriketara iritsi eta euskaldunek munduan zuten ordezkaritza gorena berriro hartu ondoren.


Luis de Gezalak, Euzkadiko Batzar Nagusiaren sorreraren 75. Urteurrenaren kariaz, 2015eko uztailaren 11n, DEIA egunkarian argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.


Argazkia: Hirugarren batailoiko ofizialak, EAJ alderdiko kideak eta Euzkadiko Batzar Nagusiko kideak.