Efemeridea • 2020ko ekainaren 15a
1977ko ekainaren 15a: diktaduraren osteko lehen hauteskunde demokratikoak
Euskal indar abertzaleek 9 diputatu eta lau senatari lortu zituzten.
1977ko ekainaren 15ean, Gerra Zibilaren eta Francoren diktaduraren osteko lehen hauteskunde demokratikoak egin ziren. 41 urte igaro ziren Gorteetarako azken hauteskundeak egin zirenetik, 1936ko otsailean, II. Errepublikan. Kongresurako eta Senaturako ordezkariak aukeratu ziren bozketa haietan. 1977ko hauteskundeen ondoren, EAJ-PNV alderdiko euskal diputatuak eta Fronte Autonomikoa osatu zuten senatari abertzaleak euskal parlamentarien batzarraren bizkarrezurra izan ziren eta, urte bizi-bizi haietan, lortu zuten Gernikako Estatutuan jasotako autogobernua hitzartzea.
Euskal indar abertzaleek 9 diputatu eta lau senatari lortu zituzten. Zehazki, Araban, EAJ-PNV alderdiak diputatu bat (Jose Angel Cuerda) eskuratu zuen; Bizkaian, lau diputatu (Juan Ajuriagerra, Iñigo Agirre, Kepa Sodupe eta Marcos Vizcaya) eta senatari bat (Mitxel Unzueta); Gipuzkoan, hiru diputatu (Xabier Arzalluz, Andoni Monforte eta Gerardo Bujanda) eta senatari bat (Federico Zabala). Azken lurralde horretan, Euskadiko Ezkerrak (EE) diputatu bat (Paco Letamendia) eta senatari bat (Juan Mari Bandrés) lortu zituen, eta ESEIk beste senatari bat (Gregorio Monreal). Nafarroan, EAJ-PNV alderdiak senatari bat (Manuel Irujo) atera zuen.
350 diputatuk osatu zuten Diputatuen Kongresu berria; Goi Ganbera, berriz, 207 senatarik osatu zuten.
Estatuan, guztira, 5.343 hautagai aurkeztu ziren 589 zerrenda edo hautagaitzetan bilduta. Kanpainak 21 egun iraun zuen, maiatzaren 24tik ekainaren 13ra. Astegun batean bozkatu zen: 1977ko ekainaren 15a asteazkena izan zen. Bestetik, botoa emateko adina 21 urtekoa zen orduan. Jendetza joan zen bozkalekuetara, hautesleen % 78 inguruk bozkatu baitzuen, baita Euskadin ere, nahiz eta Ezker Abertzalearen zati batek (LAIA eta EHAS) eta ETAk abstenitzeko deia egin zuten.
Estatuari erreparaturik, Adolfo Suarezen UCD alderdiak 165 jesarleku lortu zituen, gehiengo absolutua lortzeko 11ren faltan. Harrigarria izan bazen ere, Felipe Gonzalezen PSOE alderdiak 118 diputatu eskuratu zituen. Santiago Carrilloren PCE alderdiak 20 diputatu lortu zituen eta Alianza Popular (AP) alderdiak 16, Manuel Fraga Iribarneren eskutik. Kataluniako Pacte Democràtic per Catalunya koalizio nazionalistak 11 jesarleku eskuratu zituen. Azkenik, beste alderdi batzuek 11 jesarleku erdietsi zituzten eta, arestian esan moduan, abertzaleek 9. Datuak ikusita, hauteskunde horietatik atera daitekeen ondorio nagusia dugu, oro har, boto moderatua nagusitu zela ezkerrean zein eskuinean eta, hortaz, ondokoak ordezkaritza-ganberetatik kanpo geratu zirela: ezker muturreko Liga Komunista Iraultzailea (LCR), Mugimendu Komunista (MCE) eta Langileen Alderdia (PTE) eta Indar Berria/Fuerza Nueva (FN) alderdi nostalgikoa.
Sasoi hartako euskaldunek erakutsi ziguten Madrilen egotea zeinen garrantzitsua den, eta argiro azaldu ziguten akordioak egiten ahalegindu behar garela, ahal den heinean. Hala, 1977an, ituna egin zuten, eta errautsetatik berpiztutako EAJ-PNV alderdiak irabazi zuen. Eta ituna egin zuen Moncloan. Eta aurrera jarraitu zuen. Eta presoak atera ziren… eta gaurko Estatutua hitzartu zen… eta egungo Euskadi eratzen hasi zen...
Informazio gehiago hemen:
- Josu Erkorekaren artikulua, Hermes aldizkarian 26 zbk. (2008)