Efemeridea • 2023ko azaroaren 23a
1990eko azaroaren 23an, Jose Maria Makua Zarandona hil zen
Berrezarpen demokratikoaren ondotik, Bizkaiko lehen ahaldun nagusia izan zen eta pertsona biziki garrantzitsua suertatu zen Bizkaiko Foru Aldundia gaur egun ezagutzen dugun moduan era zedin.
Bizkaiko bizilagunen borondatea ordezkatzen zuten Batzar Nagusiek era demokratikoan aukeratutako Bizkaiko Diputazioaren lehen presidentea izan zen Makua, azken karlistaldia izan eta gero, Bizkaia okupatu zuen armadaren buru ziharduen jeneralak erakundea armen indarrez indargabetu eta 102 urtera.
Bilbon jaio zen 1922ko ekainaren 28an, eta hamabi urte zituela izan zuen lehen harremana euskal abertzaletasunarekin, EAJ alderdiaren mendeko Euzko Ikasle Batza elkartean bazkidetu zenean. Gerra Zibilak Frantziako erbestera bidali zuen hamabost urte bete berritan. Gerra amaituta, Euzkadira itzuli zen, merkataritza-irakaslearen gradua atera zuen eta kontabilitateko kontu-ikuskaritzako, zerga-aholkularitzako eta enpresak antolatzeko bulego bat ireki zuen.
Frankismoaren garaian, Juan Ajuriagerra ezagutu zuen eta lankidetza estua izan zuen berarekin klandestinitatean. 1979. eta 1987. urteen artean, ahaldun nagusia izan zen, Euskal Autonomia Erkidegoaren molde konfederala aldeztu zuen eta Lurralde Historikoen Legea (LHL) bultzatu zuten agintarietako bat izan zen. 1987an utzi zion politikari.
Argazkia: Jose Mª Makua Gernikako Batzar-Etxean (1984).