Efemeridea • 2022ko maiatzaren 5a
253 euskaldun Mauthausengo infernuan
Gaurkoa lako egun batean, 1945eko maiatzaren 5ean, Mauthausengo (Austria) kontzentrazio-esparrua askatu zuten aliatuek. Milaka presoren artean, 253 euskal deportatu izan ziren.
Mauthausen Europako eremu naziaren kontzentrazio-esparru handienetako bat izan zen. Milaka preso politiko igaro ziren handik, eta gehienak tortura lazgarrien eraginez hil ziren. Horien artean, 253 euskaldun izan ziren: horietatik 113 hil ziren eta 125 bizirik atera ziren. Ez dakigu gainerako hamabosti zer gertatu zitzaien.
Bizirik atera zirenetako Marcelino Bilbao izan zen, Mauthausengo 4628 presoa. 1940ko abenduan sartu zen kontzentrazio-eremuan, 20 urte besterik ez zituela, eta 1945eko maiatzera arte ez zen handik irten. Kontzentrazio-esparruan egon zen bitartean, Bilbao urritasun handiz bizi izan zen eta “Herio doktorea” ezizenaz ezaguna zen medikuaren esperimentuak ere pairatu behar izan zituen.
Ethaun Galparsorok, 2022ko apirilaren 16an, DEIA egunkariaren Historias vascas sailean, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.