Efemeridea • 2023ko martxoaren 3a
1976ko martxoaren 3a: asteazken beltza Gasteizen
Gaurkoa lako egun batean, 1976ko martxoaren 3an, “martxoaren 3ko sarraskia” gertatu zen Gasteizen. Bertan, poliziak bost langile hil zituen greba orokorreko egun batean.
Egun hartako gertaerak lan-baldintzak hobetzeko helburuz egin ziren bi hilabeteko greba eta protesten ondotik etorri zien. Egun hartan, langileen batzarra egin zen Zaramaga auzoko San Frantzisko Asiskoaren elizan, eta, zenbatespenen arabera, 4.000 lagun inguru bertaratu ziren.
Arratsaldeko bostak aldera, parrokia inguratzen ari ziren poliziako agenteek eliza husteko agindua jaso zuten. Eraikineko kristalak apurtu zituzten ke-poteak jaurtiz, eta, horregatik, han zeudenak kanpora irten ziren korrika. Irtetean, noranahi tiro egiten hasi zen polizia, manifestariak, beldurrak airean, handik ihes egiten ahalegintzen zirela.
Bi langile hil ziren ekintza hartan: Pedro Maria Martinez, 27 urtekoa, eta Francisco Aznar, 17 urtekoa. Geroago, Romualdo Barroso (19 urte), Jose Castillo (32 urte) eta Bienvenido Pereda (30 urte) ere hil ziren. Zaurituak, berriz, ehunka izan ziren. Sarraskia gertatu eta bi egunera, hots, 1976ko martxoaren 5ean, bost hildakoetatik hiruren aldeko hileta jendetsua egin zen Gasteizko katedral berrian.
“Trantsizioan izandako sarraskirik handientzat” jo ziren gertaera haiek, baina auzia ez zen ikertu eta ez zen epaiketarik egin. Hala eta guztiz ere, istiluek Carlos Arias Navarro Gobernuburuaren kargu-uztea eragin zuten, eta hilabete batzuk geroago Adolfo Suarezek ordezkatu zuen, Juan Carlos I.a erregearen aginduz.
Oraindik ere Manuel Fraga jotzen da sarraski haren erantzule nagusitzat, une hartan Gobernazio ministroa baitzen, uste delako berak eman ziela poliziei manifestarien aurka tiro egiteko agindua.
2012ko martxoaren 3an, Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz omendu zituen egun zorigaiztoko hartako biktimak. Gainera, 2018an, Vitoria, 3 de marzo (Gasteiz, martxoaren 3a) izeneko filma estreinatu zen, egun hartan gertatutakoak gogoratzeko.
Mikelats Ardanaz Olaizek DEIA egunkariaren Historias Vascas sailean, 2016ko martxoaren 5ean, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.
Ekintza lazgarri hura jazo eta ordu batzuetara, Luis Llach musikariak “Campanades a morts” kanta egin zuen. Hori dela eta, Llach-ek hiru hildako aipatu zituen abestian, gainerako biak geroago zendu baitziren.