Efemeridea • 2022ko ekainaren 30a
Nafarroako Foru Hobekuntzaren Legeak 40 urte
1982ko ekainaren 30ean, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoa edo Nafarroako Foru Hobekuntza izen laburrez ezaguna den legea onartu zuen Espainiako Kongresuak.
Senatuan, berriz, uztailaren 26an onartu zen lege hori, eta, legea eman eta aldarrikatu ostean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 1982ko abuztuaren 16an.
1982an, LORAFNA deiturikoak bidea eman zion Nafarroako foru eraentza finkatzeari eta lurralde hartako eskumenen erabilera eguneratzeari; hala berean, abiaburu demokratikoak finkatu zituen, Nafarroako erakundeen funtzionamenduaren euskarri gisa. Hala eta guztiz ere, 40 urte igaro direlarik, legea erreformatzeko eskaerak sendo dirau, nafarren autogobernuaren ahalmena handitu eta eskualdatu barik dauden eskumenak eskualda daitezen galdatzeko helburuz.
Gainera, Nafarroako gizarteko hainbat esparrutako ordezkariek askotan eskatu dute manuari buruzko eztabaida egin dadin herritarren artean, nafarrek ez baitute inoiz legea hautetsontzietan berretsi.
Alvaro Baraibar historialariak, lege organiko horren onespenaren 30. urteurrenaren kariaz, 2012ko urriaren 20an, DEIA egunkariaren Historias de los vascos sailean argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.