Efemeridea 2020ko uztailaren 21a

41 urte igaro dira Gernikako Estatutua Konstituzio Batzordean onartu zenetik

Gaur egun, oraindik ez dira transferitu Eusko Jaurlaritzaren mendeko eskumen guztiak.

41 urte igaro dira Gernikako Estatutua Konstituzio Batzordean onartu zenetik

Gaurkoa lako egun batean, 1979ko uztailaren 21ean, Gernikako Estatutua onartu zuten Kongresuaren Konstituzio Batzordeak eta Euskal Parlamentarien Batzarraren Ordezkaritzak, hain zuzen ere, 103 urte lehenago euskal foruak indargabetu ziren egun berean.


“Eskerrak danori, bai alderdi bai gizonari, gurekin batera Estatuto hau aurrera atera lagundu dozutenei” adierazi zuen EAJ alderdiaren diputatu Xabier Arzalluzek estatutua Konstituzio Batzordean onartzeko emandako hitz egiteko azken txandan. 


Arzalluzek, hasiera batean, poza eta gozamena agertu zituen, eta labur-zurrean gogoratu zuen “gure zorigaitza gerra zibil baten ondorioz etorri zela, gure lege zaharrak bertan behera utzita, eta beste gerra baten ondorioz, geratzen zitzaigun gauza bakarra, Ekonomia Ituna, indargabetu egin zela”.


“Gaur, krisi ekonomikoaren eta indarkeriaren erdi-erdian, elkarbizitzarako bide berria ireki dugu, estatu eredu berria”, gaineratu zuen.


Xabier Arzalluzek estatutuaren hiru alderdi azpimarratu zituen: “Estatuaren ikuskera berri baten hasiera da; mendeetan zehar gure aurretikoek gauzatutako euskal tradizioaren emaitza da, hots, elkarrizketa eta ituna; eta autonomia irekia da, itunean sakontzen jarraitzeko asmoa duena, besteen interesak eta eskubideak kaltetu gabe”.


“Euskadi solidarioa nahi dugu, egonkortasuna lortzen eragile izan nahi dugu eta demokrazia politiko eta ekonomikoa erdiesten lagundu nahi dugu”, adierazi zuen, guztiei haien laguntzagatik euskaraz eskerrak eman aurretik.


Gaur, euskal estatutuaren testua onartu zenetik 41 urte igaro direla, Espainiako gobernuak oraindik ere ez ditu transferitu estatutuaren artikuluetan Eusko Jaurlaritzaren eskuduntzakotzat jotzen diren eskumen guztiak.