Efemeridea • 2023ko uztailaren 21a
Gernikako Estatutuak 44 urte: beste urte bat bete barik.
Gaurkoa lako egun batean, 1979ko uztailaren 21ean, Gernikako Estatutuaren testua onartu zuten Kongresuko Konstituzio Batzordeak eta Euskal Legebiltzarkideen Ordezkaritzak.
Gaurkoa lako egun batean, 1979ko uztailaren 21ean, Gernikako Estatutuaren testua onartu zuten Kongresuko Konstituzio Batzordeak eta Euskal Legebiltzarkideen Ordezkaritzak, hain zuzen ere, euskal foruak indargabetu zirenetik 103 urte bete ziren egunean.
“Eskerrak danori, bai alderdi bai gizonari, gurekin batera Estatutu hau aurrera atera lagundu dozutenei” esanda amaitu zuen Xabier Arzalluz EAJko diputatuak Estatutua onartzeko eztabaidan hitz egiteko azken txanda.
Egun, Estatutuaren testua onartu zenetik 44 urte igaro direla, Espainiako Gobernuak oraindik ere ez ditu transferitu Estatutuaren artikuluek Eusko Jaurlaritzari aitortzen dizkioten eskumen guztiak. Eta horien artekoak ditugu ekonomian eta gizartean eragin handia duten gaiak, gehienetan, funtzio politiko eta administratiboak dakartzatenak eta ekonomian, enpleguan, elkartasunean eta Ongizate Estatua deritzona definitzen duten gaietan berebiziko garrantzia dutenak.