Efemeridea • 2020ko uztailaren 2a
46 urte Galdakaoko leherketa gertatu zenetik
• “La Dinamita” lantegian izandako leherketa baten ondorioz, 22 langile hil ziren eta hogeita hamarretik gora zauritu.
1974ko uztailaren 2ko arratsaldean, Galdakaoko Unión de Explosivos Rio Tinto lantegian La Dinamita izenez ezagunagoa izandako leherketa batek 22 langile hil eta hainbat zauritu eragin zituen. Gehiegi berotutako eter-alkoholezko isuri bat izan zen hondamendiaren eragilea.
Leherketa bolbora zuriaren sailean gertatu zen eta hainbat kilometro inguruan entzun zen. Gainera, hedapen-uhinak ate-leihoak eraitsi zituen Galdakao eta Basauriko etxebizitza ugaritan.
Leherketa bortitzak 200 bat metro luzeko onddoa edo txapela eragin zuen, espektro atomikoaren antzekoa, eta horrek ateratako zarata 25 kilometrora ere entzun ahal izan zen.
«La Dinamita» lantegiaren historia eta Galdakaoko herriarena hertsiki loturik daude, eta nortasunaren ezaugarri nagusietakoa izan da Alfred Nobel suediarrak 1866an bolbora aurkitu eta gero, 1872an, Bizkaiko udalerri horretan egoitza zuen «Sociedad Anónima Española de la Polvora Dinamítica. Privilegios A. Nobel», lantegia zabaldu zenetik. Lantegia 250.000 liberako sozietate-kapitala erabiliz sortu zen, Viuda de Errazquin e Hijos sozietatearen eta Chalbaud familiaren laguntzaz. Galdakaoko lantegi hori Unión Española de Explosivos (UEE) delakoaren jatorria izan zen, sektore horretako hirugarren talde garrantzitsuena munduan.
Era berean, nabarmentzekoa da “La Dinamita” lantegia izan zela laneko zereginetan emakumeak normaltasun osoz hartu zituenetako bat. Ore moduko bat egiten zen lantegian eta parafina-paperean bildu behar izaten zen. Eskuzko lan laban hori emakumeek egin ohi zuten eta eginkizun horietan zebiltzanei ‘cartuchera’ edo ‘kartutxo-egile’ zeritzen.