Efemeridea • 2024ko irailaren 2a
Doroteo Ziaurritz Aginagaren heriotzaren 73. urteurrena
1935etik erbestean hil zen arte, hau da, 1951ko irailaren 2a arte, euskal abertzaletasunaren funtsezko pertsona eta EAJ alderdiaren buruzagi nagusia izan zen.
Tolosan jaio zen, 1883ko otsailaren 6an. Medikuntza ikasi zuen Zaragozako Unibertsitatean eta Madrilen doktoratu zen; geroago Parisen espezializatu zen larruazal eta hezurretako gaitzetan. Dena dela, medikuntza ez zen Ziaurritzen aztergai bakarra izan eta Poesia, Historia, Arkeologia, Filologia eta Natur Zientziak ere landu zituen.
Politikari gagozkiola, ikasle zela alerdikidetu zen EAJn, hain zuzen ere, garai hartan Ixaka Lopez de Mendizabal buru zuen Tolosako taldean. 1931n, Tolosaldean nagusi ziren karlistek udal hauteskundeak irabazi zituzten, baina alkatetzari uko egin ziotenez, Doroteo Ziaurritz izan zen Gipuzkoako lehen alkate abertzalea. Urtebete geroago, ordea, karlistek autonomia estatutuaren inguruan izan zuten jarrera salatzeko, dimisioa eman zuen.
1935ean, EAJko Gipuzko Buru Batzarreko eta, handik gutxira, Euzkadi Buru Batzarreko kide hautatu zuten, eta erakunde horretan denbora gehien eman zuen buru hautetsia izan zen. Garai zailak kudeatu behar izan zituen EAJren buruzagi gisa, eta EBBren bilkuraren buru zela, errepublikazaleen zilegitasun demokratikoa defendatu behar izan zuen Errepublikaren aurkako altxamendu militarraren aurrean.
Matxinatuek Bizkaia okupatu ondoren, EBBko kideek Kantabrian preso hartutako euskal armadako kideen patu berdinari lotzea erabaki zutenean, Ziaurritz Iparraldera bidaltzea erabaki zen, eta haren ordez, Juan Ajuriagerra geratu zen. Gainerakoentzat, zozketa bidez erabaki zen nor geratu eta nor erbesteratu.
Iparraldean, euskal abertzaletasunaren eta, oro har, Euskal Herriaren aurrendari gisa lanean jarraitu zuen 1951ko irailaren 2an, Donibane Lohizunen hil zen arte, 68 urte zituela.