Efemeridea • 2024ko maiatzaren 8a
79 urte Bigarren Mundu Gerra Europan amaitu zenetik: Degrelle naziak Kontxan lur hartu zuen egunean
Estraditatzeko behin eta berriro eskatu arren, agintari frankistek ez zuten inoiz Justiziaren esku utzi.
Gaur, 79 urte bete dira Bigarren Mundu Gerra Europan amaitu zenetik. Adolf Hitlerrek bere buruaz beste egin zuen Berlingo erasoaldian, eta haren ondorengoak, Karl Dönitzek alemanen errenditzea onetsi zuen.
Egun horretan bertan, 1945eko maiatzaren 8an, Léon Degrelle, Belgikako nazi esanguratsu bat, Kontxako hondartzaraino iritsi zen Norvegiatik, Heinkel He 111 hegazkin bonbaketari batean, aireontziaren hegaldi-ahalmenaren muga-mugan. Horrela, Degrellek diktadura frankistaren babesa aurkitu zuen eta, estraditatzeko eskaerak behin eta berriro egin bazituzten ere -lehenik, aliatuek eta, gero, Belgikak- ez zuten inoiz justiziaren esku utzi, eta Malagan hil zen, zahartuta. Degrelle 1906an jaio zen, Bouillon herrian, eta Alemaniako Schutzstaffel edo SSri atxikita zegoen Valonia legioaren ofiziala izan zen. Rexismoaren sortzailea (faxismoaren adarra) izan zen eta nazien agintari legez nabarmendu zen Bigarren Mundu Gerran.
SSko ofizialaren hegazkinak larrialdiko lurreratzea egin zuenean Kontxako hondartzan, Bigarren Mundu Gerra artean amaitu barik zegoen Ekialde Urrunean. SESBek Japoniarekin 1945eko apirilaren 5ean lortutako neutraltasun akordioa salatu zuen eta, Yaltan adierazi bezala, Japoniaren aurkako gerra-deklarazioa egiteko prest agertu zen. Abuztuaren 8an, bonba atomikoa Hiroshiman jaurti eta bi egunera, sobietarrak gerran hasi ziren eta Mantxuria, Korea eta Kuril uharteak okupatu zituzten.
Nagasakin beste bonba atomiko bat jaurti zuten abuztuaren 9an, eta hurrengo egunean, Japoniak jakinarazi zuen errenditzeko prest zegoela. Irailaren 2an, Tokioko badian ainguratutako Missouri ontzian, Japoniako ordezkariek baldintzarik gabeko errenditzea sinatu zuten Douglas MacArthur jeneralaren aurrean. Bigarren Mundu Gerra amaitu zen.