Efemeridea • 2020ko ekainaren 24a
83 urte bete dira lehen Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alfredo Espinosa Oribe fusilatu zutenetik
• Sailburua zeraman motor bikoaren pilotuak saldu eta frankisten esku utzi zuen Zarauzko hondartzan.
Gaurkoa lako egun batean, 1937ko ekainaren 24an, Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zuen lehen Eusko Jaurlaritzako Alfredo Espinosa Oribe Osasun sailburua erail zuten matxinatuek Gasteizen.
Bilbon jaio zen, 1903ko irailaren 6an, eta medikuntza ikasi zuen Madrilen. Han, harremanetan jarri zen Madrilgo errepublikazaleekin eta Primo de Riveraren erregimena kentzeko saiakeretan parte hartu zuen. Lizentziatu ostean, Bilbora itzuli zen, eta haurren higienean espezializatu zen. Aldi berean, politikari loturik jarraitu zuen.
Gerra Zibila piztu zela, Eusko Jaurlaritza eratutakoan, Unión Republicana alderdiak aho batez hautatu zuen sailburu izateko eta Osasun saila esleitu zioten. Egoera guztiz zaila zen. Mediku eta erietxe gutxi zegoen eta osasun-gaiak nahikoa eskasak ziren; hala eta guztiz ere, Espinosaren eta bere lantaldeko kideen xederik behinena izan zen gerrak ahalik eta eragin apalena izatea eta ohiko egoera batean eskainiko ziratekeen zerbitzuei eustea. Espinosaren lehen ekimenetako bat Euskadiko Gurutze Gorria abian jartzea izan zen. Era berean, neurriak ezarri zituen gaixotasun kutsakorrei aurre egiteko. Bestetik, ospitale-sarea behar bezala egituratzeko, ospitaleak, aterpetxeak eta sorospen-postuak eraiki zituen. Era berean, sailak ikastaroa antolatu zuen gerrako erizainentzat, eta umeen atzerrirako ebakuazioa prestatu zuen. Sailburuak berak gainbegiratu zituen bidaiak eta Gorliz eta Plentziako erietxeetan zeuden tuberkulosiak jotako umeei lagundu zien.
enparauak, baina hegazkinak Zarauzko hondartzan lur hartu zuen, pilotuak sailburuari traizio eginda. Agintari frankistek Espinosa atxilotu eta Gasteizko espetxera bidali zuten. Han, epaiketa sumarioa egin eta heriotza-zigorra ezarri zioten “matxinoei atxikitzeagatik”. 1937ko ekainaren 24an erail zuten goiz-goizetik, preso hartu eta bi egunera.