Efemeridea 2020ko urriaren 7a

84 urte bete dira lehen Eusko Jaurlaritza eratu zenetik

Matxinatuak aurrera zetozela, 1936ko urriaren 7an, Jose Antonio Agirre lehen lehendakari hautatu zuten gudari eta milizianoen ahaleginari esker, Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko mugako frontea egonkortu baitzuten.

84 urte bete dira lehen Eusko Jaurlaritza eratu zenetik

1936ko urriaren 7an, udal ordezkariek ia aho batez hautatu zuten Jose Antonio Agirre Lekube Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakari. Batasun edo kontzentrazio nazionaleko gobernua izan zen, Errepublikarekiko leialak ziren euskal alderdi politiko guztiek osatzen baitzuten.

 

Eusko Jaurlaritza eratu berria aldarrikatzeko ekitaldiak Gernikan egin ziren . Egun horretan bertan, arratsaldeko lauretan, hauexek izan ziren izendapen-ekitaldian: kidego diplomatikoa, Defentsa Batzordeko kideak, Gorteetarako diputatuak, zinegotziak, kazetariak... Une horretan, Jose Etxebarria Novoak, orduko gobernadore zibil eta Bizkaiko Defentsa Batzordeko buruak, Errepublikako gobernuaren izenean, Jose Antonio Aguirre Eusko Jaurlaritza eratu berriaren lehen lehendakaria izendatzeko akta irakurri zuen. Jarraian, bertaratutakek ozen esandako “Gora Euzkadi” entzun zen.

 

Geroxeago, Gernikako arbolaren azpian hautatu berri zuten lehendakariak EAJ-PNV alderdiaren Bizkai Buru Batzarreko lehendakari Juan Ajuriaguerrak idatzitako zin ospetsua irakurri zuen:

'Jaungoikoaren aurrian apalik. Eusko Lur ganian zutunik eta Bizkaiko areitz-azpijan asabaen gomutaz. Nire aginbidia zintzoruen betetia, zin dagit'

 

Aipatzekoa da azaldutako guztia egin ahal izan zela une horretan Elgeta, Orozko, Legutio eta Ondarroako fronteak egonkor zeudelako. Eusko Jaurlaritzaren eginkizuna gogorra izan zuen, lehenengoz eta bat, 1937ko ekainean lurralde osoa galdu eta matxinatuen esku geratu zenean, eta, gero, 40 urteko erbestealdian.

 

José Antonio Rodríguez Ranzek Eusko Jaurlaritza eratu zeneko 75. urteurrena zela eta egindako erreportajea (DEIA, 2011-10-08) erantsi dugu.