Efemeridea • 2022ko uztailaren 8a
Agirre eta Zabalaren ezkontzaren 89. urteurrena
Ezkontza Begoñako basilikan izan zen. Hiru bat urte geroago, Agirrek EAJko agintariekiko leialtasuna zin egin zuen bertan, lehendakariaren zina Gernikan egin baino lehen.
Gaurkoa lako egun batean, hain zuzen ere, 1933ko uztailaren 8an, Jose Antonio Agirre Lekube eta Maria Zabala Aketxe Begoñako basilikan ezkondu ziren. Hiru bat urte geroago, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria izan zen Agirre eta, une horretan, Gorteetako diputatua eta Getxoko alkatea zen.
Ezkontzaren eguna, tokia eta ordua prentsari jakinarazi ez bazioten ere, abertzale ugari hurbildu zen Begoñako basilika aurreko plazara senar-emazteei laguntzen, eta azkenak Eduardo Gorosarri gipuzkoar musikagile eta musikariak jo zuen “Agur Jaunak” soinua entzuteaz batera sartu ziren tenplura.
Ezkontideen aitabitxi-amabitxiak hauexek izan ziren: Konstantino Zabala, andregaiaren aita eta Getxoko alkate ohia, eta Bernardina Lekube, Agirreren alarguna, senargaiaren ama.
Antonio Lekube abadeak, Erruki Etxe Santuko kapilauak eta ezkongaiaren osabak, ezkontza bedeinkatu zuen. Ekitaldian, Felipe Arando abeslariak eta Gorosarri tenoreak “Abemaria” kantatu zuten eta Euzko Abendaren Ereserkiak amaiera eman zion ezkontzari.
Hiru urte geroago, Jose Antonio Agirrek basilika horretan bertan zin egin zuen EAJrekiko leialtasuna izango zuela, Gernikako Arbolaren azpian lehendakari gisa zin egin baino lehen. Ezkonberriak Torrontegi hotelera abiatu ziren, eta bertan bazkaldu zuten 60 bat senide eta lagunekin batera.
Ezkonbidaian, eskandinaviar herrialdeetara joan ziren, eta 1941ean berriz ere izan ziren han, baina askoz ere egoera lazgarriagoan, nazien jazarpenetik ihesi zihoazen iheslari askoren arteko beste familia bateko kideak bailiran. Senar-emazteek hiru seme-alaba izan zituzten: Aintzane, Getxon jaiotakoa, eta Joseba eta Iñaki, Parisen eta New Yorken jaiotakoak, hurrenez hurren, gurasoen erbestealdiaren baitan.
Argazkiak
Ezkonberriak Begoñako basilikaren atean.
Euzkadi egunkariaren azala.