Efemeridea • 2024ko irailaren 4a
Lehen Euskararen egunaren 97. Urteurrena
Arrasaten egin zen ekitaldia eta, egun horretan, Euskaltzaleak elkartearen jendaurreko aurkezpena izan zen. Elkarteak euskara eta euskal literatura jagotea, zabaltzea eta lantzea zuen xede.
Lehen «Euskararen eguna» gaurkoa lako egun baten ospatu zen, orain dela 97 urteko irailaren 4an, hots, 1927an, Gipuzkoako Arrasaten. xede zuen Euskaltzaleak kultura-elkarte sortu berriak antolatu zuen antolatu zuen ekitaldia. Inolako zalantzarik gabe, oihartzun handia izan zuen ospakizunak: 500 parte-hartzaile eta ordezkari izan ziren bertan, besteak beste, Euskaltzaindikoak, Nafarroako Euskararen Adiskideak elkartekoak eta garai hartako euskarazko aldizkari eta astekari nagusietako kideak (Argia, Jaungoikozale, Jesusen Biotzaren Deya, Zeruko Argia eta Txistu).
Egun horretan, Euskaltzaleak elkarte berriaren oinarriak eta jardunbide-arauak ezarri ziren. Gauean, Txanton Piperri opera antzeztu zuten arrasatearren talde batek euskal doinu batzuk kantatu zituen.
1927 urtearen aurrekoetan, Primo de Riveraren gobernuetako batzuek euskarari egindako jazarpena zertxobait lasaitu zela, “euskal jaiak” antolatu ziren Elgoibarren eta Mutrikun, baina haiek ez ziren euskarari eta euskal kulturari berariaz eskainitako jaiak.
Arrasatekoaren ostean, bigarren Euskararen eguna Zumarragan ospatu zen, hurrengo urtean, 1928ko irailaren 29an, San Migel egunean. Egun hartan, euskal idazleen biltzar batek “Kirikiño” literatura-saria sortzeko oinarriak ezarri zituen, Mañariko (Bizkaia) Ebaristo Bustintza idazlearen omenez.
Gaur egun, Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzen da urtero-urtero, San Frantzisko Xabier egunean.
Lerro hauei erantsi diegu Andoni Sagarna hizkuntzalari, idazle eta euskaltzain osoaren erreportaje bat, euskararen modernizazioari buruzkoa. DEIA egunkariaren Historias vascas sailean argitaratu zen, 2011. urtean.