Efemeridea • 2020ko uztailaren 1a
Abandoko elizatea Bilbora anexionatu zeneko 130. urteurrena
XIX. mendearen amaieran, Abando Bizkaiko elizaterik populatuena zen
Gaur, uztailaren 1ean, 130 urte bete dira Abandoko elizateak Bilboko hiribilduarekin bat egin zuenetik. Azpimarratu behar da, azken karlistaldiaren aurretik −zehazki, 1870ean− Abandoko udalerriaren zati txiki bat anexionatu zitzaiola Bilboko hiriari, 1876an, Severino Atxukarro arkitektoak eta Pablo Alzola eta Ernesto Hoffmeyer ingeniariek diseinatutako zabalgunearen proiektua martxan jartzeko.
Abandoko elizate zaharrak egungo Abando, Errekalde eta Basurtu-Zorrotza barrutiak hartzen zituen, baita Ibaiondo barrutiaren zati handi bat ere.
Bilboko hiri-gutunak Abandori Bilbo Zaharraren zati bat kendu zionetik, elizatea eta hiribildu berria elkarrengandik urrun bizi izan ziren hainbat mendetan.
XIX. mendearen amaieran, Abando Bizkai osoko elizaterik populatuena zen eta bertako biztanleak, batik bat, nekazaritzan eta abeltzaintzan jarduten zuten baserri sakabanatuetan bizi ziren.
Populazio dentsitate handiagoko auzune batzuk ere bazeuden itsasadarreko ontzioletatik eta desagertutako San Frantzisko komentutik gertu. Hain zuzen ere, kronikariek gaur egungo zenbait auzori dagozkien zazpi gune aipatu dituzte: Ibaizabal (Abusun), Bilbo Zaharra, Mena-Urizar-Larraskitu (Zabalburu eta Errekalde artean), Abandoibarra, Elexabarri, Olabeaga eta Zorrotza.
Abando eta Bilbo arteko tirabirek egoerarik larriena izan zuten 1804an, Simon Bernardo Zamakola diputatua Abandoko Bakearen Portua martxan jartzen saiatu zenean, garai hartan San Anton parean zegoen Bilboko portuaren aukera gisa. Gobernu zentralarekiko negoziazioetan, kontraprestazio gisa, Bizkaiko Foruetan xedatutakoa urratzen zuen soldadutza-zerbitzu bat abian jartzea proposatu zen, eta horren ondorioz, azken matxinadatzat jotzen den Zamakolada izeneko herri-matxinada piztu zen.
1890ean, Abandoko Udalak, auzotar gehienek hala eskatuta, udalerri hori kentzea eta Bilbokoari borondatez atxikitzea erabaki zuen. Une hartan, Durangon jaio eta Anberesen hildako Mª Lizana de la Hormaza zen Bilboko alkatea.
Garai hartan, Abandoko elizate zaharrean jaio eta/edo bizi izan ziren eta historian ezagutu diren pertsona esanguratsuen artean, honako hauek ditugu: Sabino Arana Goiri, EAJ-PNV alderdiaren sortzailea eta gure Fundazioari izena ematen diona; Bizenta Mogel, ezaguna den lehen emakumea euskal idazlea (jaiotzez, azkoitiarra zen, baina abandoartu zen Abandoko elizateko merkatari ezagun Eleuterio Basozabal jaunarekin ezkondu zenetik; edo José Pablo Ulibarri Galíndez, Okondoko arabarra, idazle emankorra eta euskarazko kulturaren sustatzaile ekina.