Efemeridea 2021ko martxoaren 22a

Agirre lehendakaria: euskal herritarren buruzagi handia

Gaurkoa lako egun batean, 1960ko martxoaren 22an, zendu zen Jose Antonio Agirre Lekube, 1936ko urritik Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan zena.

Agirre lehendakaria: euskal herritarren buruzagi handia

Gaurkoa lako egun batean, 1960ko martxoaren 22an, zendu zen Jose Antonio Agirre Lekube, 1936ko urritik Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan zena.

 

Bilbon jaio zen 1904ko martxoaren 6an, eta hiriko Plaza Barriko ikastolan egin zituen lehen ikasketak. 1914 eta 1920 urteen artean, Bigarren Hezkuntza egin zuen Urduñako Antiguako Andre Mariaren ikastetxean; ikasketa horiek amaitzean, berriz, amari lagundu behar izan zion anai-arreben heziketan, aita hil zela eta. Bien bitartean, Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean.

 

1923an, Bilboko Athletic Cluben jokatzen hasi zen. Zuzenbideko lizentzia atera zuen 1925ean eta Esteban Bilbao abokatuaren bulegoan hasi zen lanean. Hiru urte geroago, 1928an, Agirrek bere abokatu-bulegoa ireki zuen Anton Berreteagarekin batera.

 

1930ean, Bilboko Euzko Gaztediren zuzendaritzako kide hautatu zuten, eta Bizkaiko gazte katolikoen antolakundea ere zuzendu zuen. Urte horretan bertan eman zituen lehen urratsak politikan, Leizaolaren eskutik, Euzkadi egunkariaren Administrazio Kontseiluko kide izan zela. Hurrengo urtean, Errepublika etorrita, Jose Antonio Agirre Getxoko alkate hautatu zuten eta 1933ra arte izan zen agintean.

 

1931ko ekainaren 28an egin ziren Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeetan, Agirre Bizkaiko eta Nafarroako diputatu hautatu zuten, bai eta euskal-nafar gutxiengoaren idazkari Diputatuen Kongresuan. 1936ko urriaren 7an, lehendakari izendatu zuten.

 

Agirre lehendakariaren agintaldia gerra garaian garatu zen. 1937ko urtarrilaren 4an, matxinatuek Bilbo bonbardatu zuten, eta martxoaren 31n erasoaldi handia hasi zen Bizkaiko frontean. Ekainean, lurraldea muturreko egoeran zegoen, eta hilaren 16an Bilbotik alde egin behar izan zuen lehendakariak. Abuztuan, Eusko Jaurlaritzak Bartzelonara lekualdatu zuen egoitza, 1939an armada errepublikarra erori zen arte. Orduan, Parisen ezarri zen erbesteko egoitza berria.

 

Alemanek Frantzia okupatu zutenean, Lehendakaria Belgikan zegoen bidaia batean, eta handik Berlinera, Brasilera, Uruguaira eta Venezuelara joan zen. Azkenean, Estatu Batuetan finkatu zen eta bertan bizi izan zen 1946ra arte. Orduan, Parisera itzuli zen eta Baionako Itunaren sinadura-ekitaldian eta Hagako Konferentzian parte hartu zuen 1948an. 1954an, Venezuelara joan zen, handik bira bat egiteko Amerikan barrena.

 

Lehendakaria 1960ko martxoaren 22an hil zen Parisen; gorpua Donibane Lohizunera eraman zuten eta han lurperatu zuten.

 

José Antonio Rodríguez Ranzek DEIA egunkariaren Historias de los vascos sailean, 2010eko martxoaren 27an, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.