Efemeridea 2020ko uztailaren 23a

Agirre Lehendakaria salbatu zuten eskutitzak

Eskutitzongatik  Agirrek Europatik ihes egitea lortu zuen, New Yorken kokatu II. Mundu Gerrak iraun zuen aldirako bere egoitza.

Agirre Lehendakaria salbatu zuten eskutitzak

1940ko maiatzaren 8an Agirre-Zabala familiak Belgikan erbesteratuta zituen senideak bisitatzeko Paristik Flandesko La Panne herri turistikorako bidea hartu zuen. Ezin zuen jakin Jose Antonio Agirre Lehendakariak erabaki honek zeintzuk ondorio izango zituen. Izan ere, ikusi nahi zituen familiakoekin batu eta orduetara Hitlerrek ordura arte ia-ia tirorik entzun gabe zegoen Mendebaldeko Frontea erasotzen hasi zen. Erasoaren lehen ondorioa milaka eta milaka errefuxiatu ez batera ez bestera Belgikan inguratuta geratzea izan zen, hauen artean Agirre. Beste ondorioa, berriz, naziak hilabete eta erdian Hendaiaraino heltzea.

 

Bere burua inguratuta ikusi zuenean, Agirrek ahaleginak egin zituen Parisera itzultzeko, baina ezin. Lehendakariari ihes bide bakar bat geratu zitzaion, Pariserantz ezin zenez, Bruselara joatea, han jesuiten kolegio baten babesa hartzeko.

 

Hasieran, jesuitekin eta, geroago, diplomazialari latinamerikar baten laguntzaz dokumentu faltsuz estalita, hainbat lekutan ezkutatu ondoren, ihes bide bakarra Alemania zeharkatu eta Greziatik, Suitzatik edo Sobiet Batasunetik igaro ostean Ameriketara heltzea zela aproposena ikusita, 1941eko urtarrilaren 3an Hanburgorako trena hartu zuen Agirrek.

Hansako hiriburuan ez zen luzaroan egon Lehendakaria, baina nazien erpeetatik aldetzeko urratsik garrantzitsuena bertan eman zuen. Ikusita babes sendoa behar zuela Europa okupatutik aldetzeko eta honekin batera dirua ere bai, Lehendakariak Manuel Ynchausti aspaldiko lagunari idaztea bururatu zitzaion. Horretarako ezin bestekoak izan zituen diplomazialari dominikarrak.

 

Izan ere, Agirrek otsailaren 4an eskutitz bi idatzi zizkion Ynchaustiri New Yorkera. Bata, Jose Andres Alvarez Lastra izenordea erabiliz eta, bestea, bere benetako izenez izenpetua. Biak hartu zituen Despradel diplomazialari dominikarrak karguan, lehengoa eskuz eramateko Ameriketara, eta bestea, Lausanan (Suitza) postontzian jartzeko.

 

Inongo arazorik gabe egin zuten Europatik Ameriketara bidea eskutitzek eta beraien eragina Agirrek uste zuena izan zen, Ynchausti mobilizatzea Lehendakaria askatzeko. Ynchaustik eskutitzak hartu eta batera, AEBetako presidentearengandik hasi eta administrazio amerikarrean laguntzan eman ziezaiokeen edozein funtzionariorenganaino jo zuen, alde batera utzi gabe beste hainbat erakunde. Azkenean, eskutitzongatik  Agirrek Europatik ihes egitea lortu zuen, New Yorken kokatu II. Mundu Gerrak iraun zuen aldirako bere egoitza eta Columbia Unibertsitatean irakasle postua. Dena, edo gehiena, Manuel Ynchaustiri esker.