Efemeridea 2020ko maiatzaren 19a

Agirre lehendakariaren txostena erregimen frankistari buruz eta NBEk Espainiako diktadorearen aurka jarritako zigorrak

Mendebaldeko potentziak kezkatuago zeuden komunismoaren gorakadagatik Francok zekarkeen mehatxuagatik baino.

Agirre lehendakariaren txostena erregimen frankistari buruz eta NBEk Espainiako diktadorearen aurka jarritako zigorrak

Jose Antonio Agirre lehendakariak eta bere aholkulariek NBEko Segurtasun Kontseiluari aurkeztu zioten erregimen frankistari buruzko txostena dugu, besteak beste, Francoren erregimena kentzeko asmoz euskal erbesteratuek egindako saiakeretako bat, nazioarteko gobernu nagusien babesarekin.

 

1946ko maiatzean, NBEko Ikerketa Azpibatzordea bildu behar zen, Espainiako kasuari buruzko txostena egin eta Segurtasun Kontseilura eramateko, azkenak erabaki zezan. Hala ere, hastapenak ez ziren euskaldunen aldekoak izan, iragarpen txarra jaso baitzuten britainiarren ordezkariekin izan ostean. Bada, britainiarren arabera, Franco ez zegoen inor erasotzeko moduan, eta kontrako egoera ezinbestekotzat jotzen zuen Nazio Batuen Gutunak herrialde bat zigortzerakoan. Agirre lehendakariak eta Anton Irala eta Jesus Galindez kolaboratzaileek txostena idatzi zuten azpibatzordeari helarazteko, baina taktika aldatuta: Francok eraso egiteko aukerarik ez edukita ere, Espainiako diktadorea bakearen mehatxua zela froga zitekeen. Arrazoi morala ez zen nahikoa britainiarren eta, ordurako, estatubatuarren pentsamoldearentzat, euren ustez, Espainiako diktadura gaitz txikia baitzen "gorrien arriskuaren" aurrean.

 

Euskaldunon txostenak bazioen, hitzez hitz, "Francok eraso egiteko balizko arriskua zuela". Hori esateko, Nazio Batuen Gutunaren 39. artikuluan funtsatu ziren. Izan ere, atal horretan, "bakerako mehatxuak", "bakearen hausturak" eta "erasoaldiak" aipatzen ziren, eta, horien zioz, Gutunaren 41. artikuluaren zigorra ezarri ahal zitzaion herrialde bati.

 

Behin betiko txostena eman aurretik, azpibatzordeak behin-behineko txosten batean ebatzi zuen Espainiako erregimena ez zela berehalako mehatxua, baina bai bakerako arriskua ekar zezakeela. Jarrera horren aurrean, Agirre lehendakariaren ordezkariak nahiko pozik agertu ziren, Segurtasun Kontseiluak, ustez, euren aldeko irizpena emango zuelakoan.

 

Behin betiko erabakia hartzerakoan, bateko eta besteko iritziak egon ziren: alde batetik, Espainiarekiko harremanak haustearen aldeko herrialdeak zeuden; bestetik, esku-hartzearen aurkakoak ere baziren, batez ere, Latinoamerikakoak, eta azkenik, Ipar Amerikakoak. Hala, estatubatuarrek Franco kondenatzen zuten arren, ez zuten inolako neurririk proposatzen diktaduraren aurka.

 

Jarrera bateraezin horien aurrean, Belgikak adostasun-ebazpena proposatu zuen: Espainiarekiko harremanak ez haustea eta, horren ordez, enbaxadoreak Madrildik kentzea. Gainera, Espainiari debekatu egin zitzaion nazioarteko erakundeetan parte hartzea, eta Segurtasun Kontseiluari gomendatu zioten, arrazoizko epea igarota, Francok boteretik bidaltzeko beharrezko ekintzak gauzatu zitzan.

 

Hori guztia garaipen morala besterik ez zen izan, zigorrek ez baitzuten ia eraginik izan frankismoan. Gerra hotzeko nazioarteko giro berria ez zen egokiena garai hartan, eta mendebaldeko potentziek, komunismoaren gorakadak izututa, ezagutzeke dagoen ona baino, ezagutzen den txarra hobetsi zuten.

 

Azken batean, lehendakaria erbestean hil zen; Franco, berriz, lasai-lasai hil zen ohean, ia 30 urte geroago, 1936tik aurrera barruan zeraman diktadore-izaerari inoiz utzi gabe.

 

 

Informazio gehiago hemen:

- Iñaki Goioganaren elkarrizketa Bizkaia Irratian, 2020/05/18