Efemeridea • 2022ko martxoaren 18a
“Aitzol”, euskal kulturaren dinamizatzailea eta bakearen aldeko langile nekaezina
Jose Ariztimuño "Aitzol" idazle, kazetari eta apaiz gipuzkoarra Tolosan jaio zen, 1896ko martxoaren 18an, eta frankistek erail zuten 1936an.
Euskal abertzaletasunaren apaiz zabaltzaile ospetsuenetakoa izan zen, eta gogotik aritu zen, bereziki, 30eko hamarkadan. Gasteizko eta Comillasko apaiztegietan egin zituen apaiz-ikasketak, eta 1922an ordenatu zen Gasteizen. Aitzol Pio Montoya, Nemesio Etxaniz, eta Nikolas Ormaetxea Orixe-rekin batera egon zen Comillasen, irakasle, eta guztiek gogozko talde euskaltzalea eratu zuten. Aitzolek Elizaren gizarte-doktrinan oinarritutako gizarte-ekintza kristaua eta euskalduna bultzatu zuen eta euskararen nahiz euskal kulturaren berpizkundea bultzatu. «Yakintza» kultura-aldizkaria sortu eta zuzendu zuen, garai hartako hainbat kultura aldizkaritan kolaboratu zuen, eta artikuluak argitaratu zituen «Euzkadi» eta «El Día» egunkarietan.
Gerra Zibila hasi zela, 1936ko abuztuaren 2an muga zeharkatu zuen. Bellocheko beneditarren monasterioan bizi izan zen, eta bertatik iheslarientzako laguntzak kudeatu zituen eta hainbat ekintza humanitario garatu zituen. Gerraz kezkatuta eta larrituta, Aitzolek bake-ekimenak irrikatzen zituen. Hala, Bilbora itzultzeko hautua egin zuen eta, horretarako, Baionan ontziratu zen «Galerna» itsasontzian, urriaren 15eko arrastian, baina matxinatuek ontzia atzeman zuten. Atxilotu eta Ondarretako espetxera eraman zuten, eta bertan basaki torturatu zuten. Azkenik, urriaren 17tik 18rako goizaldean, Hernaniko hilerrian fusilatu zuten.
Mikel Aizpuru Muruak, 2011ko urriaren 15ean, DEIA egunkariaren Historias de los vascos sailean argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.
Argazkia: 1932an ateratako irudia. Ezkerretik eskuinera eta goitik behera. Goian, Jose Ariztimuño Aitzol, Luis Jauregi Jautarkol eta Pio Montoya. Behean, Margari eta Mari Zabala, jesarrita, Jose Antonio Agirre Lekuberen ondoan.