Efemeridea • 2024ko urtarrilaren 24a
Alberto Palacio Elizaga, burdinaren arkitektoa
Bizkaiko transbordadore-zubiaren egilea gaurkoa lako egun batean jaio zen, 1856ko urtarrilaren 24an, hain zuzen ere, Saran (Lapurdi).
Gordexolako Antonio Palacio Montemayor enpresaburua zuen aita eta Sarako Estefania Elizaga ama. Gurasoak Mexikon ezagutu eta bertan ezkondu ziren, Antonio Palaciok negozio garrantzitsuak izan baitzituen han. Dena dela, herrialde hartako egoera politiko ezegonkorra zela eta, senar-emazteak Europara itzuli ziren.
Alberto eta anaia nagusia, Silvestre, hara eta hona ibili ziren umezaroan, behin Saran, amaren etxean, behin Gordexolan, aitaren jauretxean. Horri esker, hiru hizkuntzatan hazi ziren: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.
Artean gazte-gazteak zirela, gurasoak istripu baten ondorioz hil ziren, eta bi anaiak umezurtz geratu ziren, Epaltza familiaren tutoretzapean, aitaren ahaideak baitziren. Epaltzatarrek landetxe bat zuten Portugaleten, eta anaiek udak eman ohi zituzten Bizkaiko herri horretan.
Antoniok josulagunekin egin zituen bigarren mailako ikasketak, Carrion de los Condes herriko (Palentzia) San Zoilo eta San Felix Ikastetxean. Handik Bartzelonara joan zen, Bartzelonako Probintziako Arkitektura Eskolan unibertsitate-ikasketak egitera, eta eskola hartako lehenengo promozioetakoa izan zen. 1882an, 26 urte zituela, lizentzia eskuratu zuen, kalifikazio bikainak aterata.
Alberto gazteak Parisen amaitu zuen hezkuntza, eta han, Gustave Eiffel eta Ferdinand Arnodinen ikaslea izan zen. Hor landu zuen bere espezialitatea, tirante-zubiak egiten aditu bihurtu zela.
1883an, ikasten amaitu zuen, Bilbon finkatu zen eta, Bizkaiko hiriburuan, Leonor Arana Iturribarriarekin ezkondu zen.
Hurrengo urteetan, Madrilen lan egin zuen, eta, besteak beste, Espainiako Bankuaren (1884), Kristalezko jauregiaren (1887) eta Atotxako geltokiaren (1888) proiektuak lantzen eta eraikitzen lagundu zuen.
1890-1893 hirurtekoan, Silvestre anaiarekin batera lan egin zuen gerora bere maisulana izan zena eraikitzen: Portugaleteko transbordadore-zubia, ‘Bizkaiko zubia’ edo ‘Zubi esekia’ izenez ere ezaguna. Lanak hiru urtean egin ziren, eta gorabehera ugari gaindituta, 1893ko uztailaren 28an inauguratu zen Albertoren lanik distiratsuena.
XX. mendearen hasieran, Madrilera joan zen atzera, eta han, luxuzko egoitzak, etxebizitzen koloniak, Osram lantegiaren eraikina eta abar diseinatu zituen. Palaciok sormen izugarria zeukan. Bestetik, inoiz egin ez zen arren, Bilboko itsasadarraren gainean eraiki behar zen 300 metroko galeria estali baten proiektua landu zuen, 100 metroko garaiera zeukan euskal foruen oroitzapenezko monumentu bat, besteak beste, Bilboko Plaza Biribilean eraiki behar zena.
Gerra Zibila eragin zuen altxamendu militarra izan zenean, Madrilen zegoen, eta 1937ra arte ezin izan zen Bizkaira itzuli. 1939ko maiatzaren 11n hil zen Areetako etxean, “Bizkaiko transbordadore-zubia” obra behinenetik metro gutxira.