Efemeridea 2021ko azaroaren 23a

Alejandro Elizalde, erresistente jeltzale nafarra nazien kontzentrazio esparruetan

Gaur 75 urte hil zen Kanbon Alejandro Elizalde, ELA eta EAJko kidea.

Alejandro Elizalde, erresistente jeltzale nafarra nazien kontzentrazio esparruetan

Elizondon jaioa 1894-2-9an, Zaragozako Unibertsitatean Ekonomia ikasketak burutu ostean Donostiara aldatu zen lan egin eta bizitzera. Errepublika etorri zenerako ELAn eta EAJn militante zen eta gerra hasi zenean jeltzaleek Azpeitian eratu zuten Defentsa Batzordean aritu zen.


Handik Bilbora eta Euskadi autonomoa frankisten esku erori aurrean Jaurlaritzaren esku geratzen ziren presoak askatzeko ahaleginetan aritu zen.


Erbestera alde eginda, EAJk Donibane Lohizunen eratu zuen bulegoan hasi zen lanean. Orduan egin zuen bat Frantziako zerbitzu sekretuekin eta espioi frankistak neutralizatzen aritu zen harik eta alemanek Frantzia okupatu bitartean.


Okupazio garaian ez zen eskuak lotuta geratu. Comète sarearekin bat egin ostean, Elizalderi egokitu zitzaion sare horren bidez mugaraino heltzen ziren hegazkin-pilotu aliatuak alde batetik bestera pasatzea.


1943-7-13an Gestapok preso hartu zuen komunistatzat jota eta abuztuaren 10ean Fresnesko kartzelan zegoen. Orduan hasi zuen Elizondok Frantzia okupatuko eta Alemania naziko kartzelaz kartzelako eta kontzentrazio esparruz esparruko ibilbidea: Rominville, Compiègne berriz Fresnes, Mathausen, Melkeko Quarz komandoa eta Ebensee.


1945-5-6an askatu zuten aliatuek, baina osasunez makal. 1946an tuberkulosia diagnostikatu zioten medikuek eta osatzeko Kanboko erietxe batean ingresatu zuten urriaren 23an. Hilabetera hil zen gaixoak jota eta kontzentrazio esparruetan bizi izandakoak ahulduta.