Efemeridea • 2022ko ekainaren 21a
Alfredo Espinosa, Euzkadiko gobernuaren lehen Osasun sailburua
Duela 85 urte, 1937ko ekainaren 21ean, sailburua Santanderrera bidean zeraman hegazkinlariak traizio egin zion eta Zarauzko hondartzan lurreratu zen. Handik egun gutxira, Espinosa fusilatu zuten.
Osasun sailburua frankistek fusilatutako Eusko Jaurlaritzako kide bakarra izan zen. Alfredo Espinosa Oribe Bilbon jaio zen, 1903ko irailaren 6an. 16 urte zituela, Madrilera joan zen eta medikuntza ikasi zuen. Unibertsitatean, harremanetan jarri zen talde errepublikazaleekin eta Union Republicana klandestinoan militatzen hasi zen gazte-gaztetatik.
1931ko apirilean, Bilboko Udaleko zinegotzi hautatu zuten; geroago Burgosko gobernadore zibil izendatu zuten, eta ondoren Logroñokoa. Biurteko beltzean, Bilbora itzuli zen eta mediku aritu zen gizarte-maila apalenekoen artean.
Osasun Sailaren arduradun zela, Espinosak lehentasunezko arreta eskaini zien haurrei. 1937ko maiatzean, Graciarekin batera, Frantziara joan zen, bilbotarren berehalako ebakuazioa zela eta, osasun-laguntza bermatuko zuten bizilekuak bilatzeko helburuz. Parisen, Euskal Herrian ezinbestekoak ziren sendagaien eta medikuntza nahiz farmazia-produktuen erosketa kudeatu zuen.
Euzkadira itzultzea ez zen erraza. Bordeletik Santanderrera itsasontzi batean ezkutatuta iristen saiatu zen, baina aurkitu eta lehorreratu egin zuten. Azkenik, Akitaniako Tolosatik Kantabriako hiriburura joateko hegazkin bat lortu zuen. Baina bidaian, Yangüas pilotuak traizio egin eta, Santanderrera eraman beharrean, Zarauzko hondartzan lurreratu zen, matxinatu frankistak zain zeudela han. Eusko Jaurlaritzak Espinosaren bizitza salbatzeko egindako ahalegin guztiak ustelak izan ziren. Alfredo Espinosa 1937ko ekainaren 26an, goizeko 6etan, fusilatu zuten. 33 urte besterik ez zuen.