Efemeridea • 2022ko otsailaren 14a
Alfredo Ruiz del Castaño, abertzalea aberriaren kontzientzia esnatzean
XX. mendearen lehen erdian, EAJn hainbat ardura izan zituen santurtziarra 1957ko otsailaren 14an hil zen.
1892an jaio zen, eta oso gazterik afiliatu zen Euzko Alderdi Jeltzalean, jaioterriko egituran, Santurtzin. Kimika Zientzietan lizentziatu zen eta Getxoko ikastolako zuzendaria izan zen. Handik urte gutxira, herri horretako zinegotzi izendatu zuten.
Espainiako II. Errepublika aldarrikatu berritan, EAJ-PNV alderdiaren Bizkai Buru Batzarreko kide hautatu zuten.
1936ko altxamendu militarra gertatu ostean, Euzkadiko Gobernuko Kultura Saileko idazkari nagusi izendatu zuten, eta 1937ko uztailean, EAJren Euzkadi Buru Batzarreko kide aukeratu zuten. 1938an utzi zuen kargua.
Gerra amaitu ostean, Iparraldean babestu zen. Baina Hegoaldera itzuli zen eta Erresistentzian jardun zuen. EBBren ordezkari hautatu zuten barne Ordezkaritza Kontseiluan, eta erakunde horretako jarduneko buru jardun zuen, Joseba Rezola kartzelan zela.
Erresistentziako jardueretan parte hartzeagatik, jazarri, espetxeratu eta Asturiasko herri batera erbesteratu zuten; handik Iparraldera ihes egin zuen berriro, eta Iparraldetik Mexikora. Mexikoko euskaldunen ordezkari gisa parte hartu zuen 1956an, Parisen egin zen Euskal Mundu Biltzarrean. Oso gaixorik zegoela, Santurtzira itzuli zen, eta bertan hil zen 1957ko otsailaren 14an.