Efemeridea 2021ko abenduaren 1a

Ameriketako lehen euskal egunkari abertzalea

Gaurkoa lako egun batean, 1903ko abenduaren 1ean, “Irrintzi” argitaratzen hasi zen Buenos Airesen.

Ameriketako lehen euskal egunkari abertzalea

Sabino Arana Goiri hil zenetik (1903ko azaroaren 25ean) sei egunera, “Irrintzi” egunkaria argitaratzen hasi zen Maipun, Buenos Airesko probintzian (Argentina). Hortaz, lehen euskal egunkaria izan zen Ameriketan. Nemesio Olariaga Etxaidek sortu zuen egunkaria eta haren goiburuaren azpian “Dana Euskalerriagatik eta Euskalerriarentzat” leloa irakur zitekeen. Urte batzuk geroago, “Jaun Goikua eta Lege Zarra” ¡Viva Euzkadi libre! leloak ordeztu zuen lehenengoa.


Aldi horretan, Argentinan eta Ameriketan argitaratzeaz gain, Olariagak Euskadira ere ekarri nahi izan zuen, baina Espainiako jazarpena zerbitzu guztietan agertzen zen, zehazki, posta-zerbitzuak ezarritako zentsuran, ia berehala hasi baitzen euskal egunkaria atzematen eta erretzen. Orduan, Olariagak, komunitate erlijioso bateko kideekin ados jarrita, Filipinetara bidaltzen zituen fardelak eta handik Euskadira bidaltzen zituzten ezkutaturik.


“Irrintzi” egunkaria 1903. urtetik 1923. urtera argitaratu zen, hau da, ia bi hamarkadatan, eta egundoko eginkizuna bete zuen. Espainiako enbaxadek argitalpenaren argudioak jazartzeko eta galarazteko abian jarri zuten kanpainari erantzuteko, “Irrintzi” egunkariak milioi askoko saria sortu zuen, euskaldunak espainolak zirela frogatzen zuenari emateko.


Irrintzi egunkariaren goiburua: Gure egitaraua.- Gure legeen erabateko berrezarpena nahi dugu.- Gure lehengo Batzarrek inolako trabarik gabe jardun dezaten nahi dugu, gure herriaren zuzenbideari eta araubideari lotutako guztiari dagokionez. –Euskarak bizitzaren esparru guztietan ordezkaritza izan dezan nahi dugu, haren zabalkundea eta derrigorrezko irakaskuntza bultzatuta, harik eta Euskadiko hizkuntza ofizial bihurtu arte. –Egiazko euskal eskolak nahi ditugu, haietan gure aberria handitzeko prestaturiko espiritu aske eta aurrerakoiak hezteko. –Euskadin kargu publikoak betetzen dituzten guztiak euskaldunak izatea nahi dugu. –Hitz batean esanda, askatasun zabala nahi dugu gure herrian, bazter guztietako pertsonak bertora etor daitezen, aberriaren eskubideak eta barruko foruaren ideia guztiak uste osoz errespetatuko dituztenak. –Egitarau hau gauzatzeko, euzkotarren aldeko erakarpen-politika aldeztuko dugu. –Euzko alderdi bat eratzeko propaganda egingo dugu etenik gabe eta irmoki. –Euskal herritar guztien elkartasuna aldarrikatuko dugu, amets bakarrera batuz, hots, Euskadiren askatasuna, bere foruak berreskuratuta”.


Argazkia: lehen aldiko “Irrintzi” egunkariaren goiburua.