Efemeridea • 2023ko azaroaren 7a
Anakleto Ortueta, Euzkadi egunkariaren kudeatzailea 20ko hamarkadaren amaieran, eta EAE-ANVren sortzailea 1930ean
Gaurkoa lako egun batean hil zen, 1959ko azaroaren 7an.
Anakleto Ortueta Azkuenaga gogora ekarri nahi dugu gaur. Historialari eta politikari abertzale hura Bilbon (Abandon) jaio zen, 1877ko abenduaren 26an, eta gaurkoa lako egun batean hil zen, hain zuzen ere, 1959ko azaroaren 7an, Bizkaiko hiriburuan. Meatze-fakultatiboa izateko ikasketak egin zituen Atxuriko Arte eta Lanbide Eskolan. Marokon lan egin ostean, kapital txikia eskuratu zuen eta, horri esker, Euskadira itzuli negozioak sortzera.
Euskal abertzaletasunari atxiki zitzaion Ramon de la Sotaren taldearen eskutik. 1918an, Gorteetako diputatu hautatu zuten Bizkaia ordezkatzen. Alderdiaren zatiketa gertatu ondotik, 1921ean, CNVn geratu zen. 20ko hamarkadaren amaieran, Euzkadi egunkariaren kudeatzailea izan zen. 1930ean, Ortueta EAE-ANV alderdiaren 0sortzaileetako bat izan zen, eta alderdi horren lehen presidente izendatu zuten 1931ko apirilaren 15ean. Hauteskundeetan izandako emaitza txarren ondorioz, kargua utzi zuen eta kidetzari uzti zion 1932an. Orduan, betidanik gogoko izan zuen lan historiografikoari ekin zion. Gerra amaituta, Euskadin bizitzen jarraitu zuen, harik eta 1940an frankistek atxilotu zuten arte. Gijónera erbesteratu zuten eta handik Santanderrera.