Efemeridea • 2020ko azaroaren 2a
Andima Ibiganabeitia, ‘txapela buruan eta ibili munduan’
Gaurkoa lako egun batean, 1967ko azaroaren 2an, Andima Ibinagabeitia zendu zen Caracasen (Venezuela). Andima joan den mendeko euskaltzalerik handienetakoa izan zen, bai Parisko erbestealdian, bai Latinoamerikako egonaldian, lehenengoz, Guatemalan eta, geroago, Venezuelan.
Elantxoben jaio zen, 1906an, Batxilergoa ikasi zuen Tuterako josulagunen ikastetxean eta Nikolas Ormaetxea Pellejero “Orixe” izan zuen irakasle 1918 eta 1919 artean. 1921ean, Loiolako josulagunen eskolan sartu zen, Historia eta Humanitate ikasketak egiteko eta 1923an abade izateko boto txikiak aldarrikatu zituen.
Geroago, Filosofia, Matematika eta Metafisika ikasketak egin zituen Oñan (Burgos), bai eta Teknologia eta Zuzenbide Kanonikokoak Belgikan. Abadetzeko egunaren bezperan, 1935-1936 ikasturtean, Jesusen Lagunditik alde egin zuen; izan ere, Andimaren aburuz, Jesusen Lagundia oso erakunde zurruna zen, eta obedientzia-botoa betetzea ezinezkoa zitzaion , batez ere, euskarari lotutako kontuetan.
Andima Ibinagabeitiaren lan eta ekarpen garrantzitsuenak “Euzko-Gogoa” erbesteko literatura aldizkari enblematikoan eta berak sortutako “Irrintzi” eta “Eman” aldizkarietan islatu ziren. Gerra Zibila piztu zenean, Portugalen zegoen lanean, baina hura amaitzean, Euskadira itzuli zen eta bere burua eskaini zion Eusko Jaurlaritzari klandestinitatean lan egiteko. 1947an, matxinatuek harrapatzeko zorian egon zela, Parisera joan zen. Eta geroago, Guatemala eta Venezuelara. Hain zuzen ere, Caracasko Euskal Etxearen esparruan, euskararen beste bultzatzaile ospetsu batzuk ezagutu eta haiekin ibili zen lanean: Martin Ugalde, Vicente Ametzaga eta Toribio Etxeberria, besteak. beste.
1945ean, Guatemalara joan zen eta, bertan, “Euzko Gogoa” aldizkaria sortu zuen Jokin Zaitegirekin batera. 1956an, Caracasera joan zen behin betiko eta irakasle aritu zen Euskal Etxean. Caracasen hil zen, 1967ko azaroaren 2an.