Efemeridea 2021ko irailaren 20a

Angel Agirretxe Goikoetxea: mediku bikaina, abertzale eredugarria

Joan den ostiralean, gogora ekarri genuen Jagi-Jagi astekari abertzalearen lehen alea argitaratu zeneko 89. urteurrena. Angel Agirretxe izan zen astekariaren lehen zuzendaria. Eta gaur, hain zuzen ere, irailak 20 dituela, haren jaiotzaren 116. urteurrena gogoratuko dugu.

Angel Agirretxe Goikoetxea: mediku bikaina, abertzale eredugarria

Angel Agirretxe Goikoetxea Atxurin (Bilbo) jaio zen, gaurkoa lako egun batean, 1905ean. Plaza Barriko Euskal Eskoletan ikasi zuen eta gazte-gaztetatik ekintzaile politiko gisa nabarmendu zen euskal abertzaleasunaren zerbitzura. Hori dela eta, hainbatetan atxilotu eta espetxeratu zuten.


Bilboko Euzko Gaztediko idazkari, Aberri egunkariko erredaktore, Bizkaiko Mendigoizale Batzako kide eta, 1932an sortu zenetik, Jagi-Jagi astekariko zuzendaria izan zen. Politika eta kazetaritzaz landa, ginekologia eta obstetriziako mediku espezialista bikaina izan zen.


1936ko gerran, Lenago iI batailoiko komandantea izan zen. Gerra Zibila amaitu zenean, Ipar Euskal Herrira erbesteratu zen eta iheslarien mediku gisa lan egin zuen La Roseraie ospitalean. Bigarren Mundu Gerran, alemanak iritsi zirenean, onik atera zen eta Irlandara joan zen lehenengoz eta Ingalaterrara gero. 1941eko maiatzean sortu zen “Frantziako Indar Askeen” Itsas Fusilarien hirugarren batailoiko agintarietako bat izan zen, baina euskal unitatea zenez, britainiar gobernuak debekatu zuen . Orduan, Frantziako Itsas Armadan aritu zen eta teniente koronel medikuaren gradua lortu zuen. Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan, Baionako Ituna egin ostean, Iparraldera itzuli zen eta Jagi-Jagi zuzendu zuen han. Aldi berean, Marc Legassek zuzendutako Hordago aldizkarian kolaboratu zuen.


Bizitzako azken urteetan, izugarri sufritu zuen bizimodu normala egitea eragotzi zion gaixotasun baten ondorioz. Hala ere, borrokan jarraitu zuen Euzkadiren alde azken hatsa eman arte. 1958ko azaroaren 11n hil zen, Donibane Lohizunen.