Efemeridea 2021ko otsailaren 24a

“Añoveros auzia”: Elizaren eta Estatuaren arteko lehen liskarra

Gaurkoa lako egun batean, 1974ko otsailaren 24an, Antonio Añoveros gotzainaren pastoral bat irakurri zen Bizkaiko parrokietan. “Kristautasuna, herrientzako salbazio mezua” izenburua zeukan pastoral hark eta Euskal Herriaren askatasuna aldarrikatu zuen. Horren ondotik, Elizaren eta Francoren erregimenaren arteko krisirik handiena piztu zen.

“Añoveros auzia”: Elizaren eta Estatuaren arteko lehen liskarra

Gaurkoa lako egun batean, 1974ko otsailaren 24an, Antonio Añoveros gotzainaren pastoral bat irakurri zen Bizkaiko parrokietan. “Kristautasuna, herrientzako salbazio mezua” izenburua zeukan pastoral hark eta Euskal Herriaren askatasuna aldarrikatu zuen. Horren ondotik, Elizaren eta Francoren erregimenaren arteko krisirik handiena piztu zen.

 

Antonio Añoveros Ataun Iruñean jaio zen, 1909ko ekainaren 13an. Zuzenbide Zibila ikasi zuen Zaragozako Unibertsitatean, 1933ko uztailaren 29an apaiztu zen eta kapilau militarra ere izan zen gerra zibilean. 1952an, Malagako gotzain laguntzaile izendatu zuten eta 1954an gotzain koadjutore edo lagunkide izan zen, Cadizko gotzainaren oinordekotzaren eskubidea eskuratu zuela. Urte batzuk geroago, 1971n, Bilboko gotzain izendatu zuten, hots, kontzientzia sozial eta politiko handia zeukan elizbarruti bateko buru.

 

Testuingurua arras politizaturik zegoela, Añoveros gotzainak, Euskal Herriko arazoez kezkaturik, “Kristautasuna, herrientzako salbazio mezua” izeneko pastorala idatzi zuen, eta Bizkaiko parrokia gehienetan irakurri zen 1974ko otsailaren 24an.

 

Testuaren ataletako batek honako hau zioen: “Euskal Herriak, Espainiako estatuko gainerako herriek legez, berezko nortasunari eusteko eskubidea du, bertako ondare espirituala landuz eta garatuz, herriaren bidezko askatasuna aitortzen dion egitura soziopolitiko baten barruan”.

 

Arias Navarroren gobernuak gogor erantzun zuen pastorala irakurri ostean, eta Añoverosi leporatu zion Espainiaren batasunari eraso egin ziola. Hala, otsailaren 27an, Bilboko gotzainari eta haren bikarioari, Jose Angel Ubietari, etxeko atzipenaldia ezarri zieten, ohiko bizilekutik mugitu ezinik geratu zirela. Geroago, Espainiako gobernuak hegazkin bat bidali zuen Sondikako aireportura, elizgizon biak herrialdetik kanpora eramateko xedez. Hala eta guztiz ere, Antonio Añoveros gotzainak adierazi zuen berak ez zuela elizbarrutia borondatez utziko; elizbarrutia uzteko, gobernuak indarra erabili beharko zuen edo, bestela, Paulo VI.a aita santuak gotzaintzari uzteko eskatu beharko zion.

 

Horiek horrela, Tarancon kardinalak gotzaintzaren batzorde exekutiboa deitu zuen, eta kardinalak idatzitako ohar batean, gorarazi zuen: “eskumiku zigorra zegoela gotzain baten eliz jurisdikzioa zuzenean edo zeharka eragozten zutenentzat”. Beste alde batetik, Kanpo Arazoetako Ministerioak Vatikanoarekiko harremanak hausteko oharra ere prestatu zuen. Azkenik, “Añoveros auzia” Francoren esku-hartzearen bidez konpondu zen, ez baitzuen Elizarekin gatazkarik izan nahi.

 

1978ko irailaren 25ean, Antonio Añoverosek dimisioa eman zuen Bilboko gotzain gisa, osasunez makalik zebilen eta. 1987ko urriaren 24an hil zen Bilboko Virgen Blanca klinikan, bihotz-arnasbideetako asaldura baten ondorioz.

 

Félix García Olanok DEIA egunkariaren “Historias Vascas” sailean, 2014ko otsailaren 22an, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.