Efemeridea • 2020ko ekainaren 11a
Antonio Gezala Ayrivié, XX. mendearen lehen erdiko margolari kosmopoliten eta abangoardistenetako bat
Eusko Jaurlaritza 1936ko urrian eratu zen, eta erakunde horrek euskal arte-ondarea gerratik onik ateratzeko eskatu zion.
Antonio Gezala Ayrivié Bilbon jaio zen, 1889ko ekainaren 11n, Santiago plazako 1. zenbakidun etxean. Bertan, familiaren etxebizitza egoteaz gain, etxean erabiltzeko arropa-saltokia ere bazuen sendiak. Luis Gezala Esquivias eta Juana Ayrivier Igartua izan ziren Antonioren gurasoak.
Oinarrizko ikasketak amaituta, Bordelera bidali zuten 1902. urtean, eta han, amaren familiako kideen etxean bizi izan zen, 1907ra arte. Urte hartan, Manchester hiriko (Erresuma Batua) HeatonChapel ikastetxean hasi zen ikasten. Eta Bilbora itzuli zenean, arte-zaletasuna igartzen zitzaiola, marrazkigintza ikasteko matrikulatu zen Arte eta Lanbide Eskolan.
Arte-ikasketak egiteaz gain, familiaren negozioan aritu zen, eta joan-etorri ugari egin zituen Europatik zehar jarduera horri esker. Bidenabar, Europako hiri nagusietako eremu artistikoak ezagutu zituen.
1911ren amaieran, Euskal Artisten Elkartearen sortzaileetakoa eta lehen zuzendaritza batzordeko kide izan zen. Bilboko artista ugari batu ziren elkartera eta horrek, zalantzarik gabe, mesede handia egin zion hiri horretako bizitza kultural eta artistikoari.
1912an, Eloisa Ginea Zugazagarekin ezkondu zen, hots, Anselmo Ginea margolariaren alaba eta Anselmo eta Isidoro margolarien arrebarekin, eta sei seme-alaba izan zituen bikoteak: Eloisa (1913), Julio (1915), Luis (1917), Anselmo (1920), Julia eta Valentina (1922).
1917an, Euskal Artisten Elkarteko presidente hautatu zuten, eta kargu horretan jardun zuen, lehen aldiz, 1920ra arte. Elkarteburu izateaz gain, elkarteak zerabiltzan irudiak egiten zituen, kartelak, menuak, diplomak eta abar, eta elkartearen erakusketa-aretoak apaintzen zituen. Antonio Gezalaren molde artistikorik nahiena dekorazio-arteena zen. Liburuzale amorratua eta seilu nahiz eta beste gauzaki batzuen bildumazale saiatua izan zen, baita aditua ere Filateliako kontuetan.
1922an, Antonioren emaztea, Eloisa, hil zen, Julia eta Valentina alaba bikiez erditu eta handik gutxira. 1924ko urrian, berriro ezkondu zen seme-alaben etxe-irakaslearekin, Francisca Lareki Elizagarekin, eta beste lau seme-alaba gehiago izan zituen: Mª Luisa (1925), Francisco (1927), Begoña (1933) eta Yvonne (1937). Urte horretan bertan, 1924an, Bilboko Arte Modernoaren Museoaren bultzatzaileetako bat izan zen, baita Gerra Zibila arte hirian garatu ziren ekimen artistiko gehienen bultzatzaileetako bat ere.
Eusko Jaurlaritza 1936ko urrian eratu zen, eta erakunde horrek euskal arte-ondarea gerratik onik ateratzeko eskatu zion. Europan, euskal kausaren aldeko babesa lortzeko helburuz sortu zen “Eresoinka” abesbatza eta dantza-taldearen ekimenean ere parte hartu zuen, eszenografo gisa. Gerra amaitu ostean, erbestean jarraitu zuen, baina 1941ean Bilbora itzuli zen. Antonio Gezalak ezagutu zuen gerra aurreko Bilbo eta ostekoa oso bestelakoak ziren, bigarrenean desagerturik baitzegoen diktadura frankista ezarri arte Bizkaiko hiriburuari zerion kultura eta arte jarduera bikaina.
Euskal Artisten Elkartea desegin zelarik, Antonio Gezalak margolanak egiteari utzi zion. Azken lanak, hain zuen ere, Eresoinka taldeari biran bertan egindako bi mihise izan ziren.
Bilbon hil zen, 1956ko irailaren 13an.
Argazkiak: "Euskal Errepublika" eta "Tranbien arteko talka Bilboko Areatzan".