Efemeridea • 2020ko uztailaren 15a
Antzuolako batzokiaren oihala: koloreen eta askatasunaren aldeko borroka
Hainbat hamarkadatan, Espainiako bandera batek ostendu izan zuen ikurrina.
Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak Antzuolako (Gipuzkoa) EAJ/PNV alderdiaren Uri Buru Batzarrak egindako dohaintza jaso zuen 2005eko martxoaren 5ean. Hauxe izan zen dohaintza: Simon Arrieta Arostegi margolariak (1915/02/09-1969/02/13) egindako lan bat.
Artista bergararrak joan den mendeko 30eko hamarkadan egin zuen margolana, bertako Batzokiko antzokiaren agertokian jartzeko. Kotoizko oihalaren gainean egindako olio-margoa da, eta ixteko zein irekitzeko oihal gisa erabiltzen zen igande arratsaldeetan bertan egiten ziren emanaldietan. Emanaldiak amaitutakoan, egurrezko biribilki batean gordetzen zen.
Oihal horren berezitasuna hauxe da: jatorrian, ikurrina zeraman dantzari-bikotea ageri zen, baina gerra amaitu eta abertzaleak mendean hartu ondoren, bertako karlistek irudia aldatu zuten; hala, ikurrinaren gainean Espainiako bandera ezarri zuten eta dantzariaren txapelaren kolore beltza gorriz margotu zuten.
Oihal hori zegoen-zegoenean egon zen gorderik soto batean, eta 2005eko martxoan, Antzuolako EAJ-PNV alderdiaren udal erakundeak Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoari eman zion. Ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, margolana leheneratu eta jatorrizko koloreak berreskuratu ziren.