Efemeridea 2020ko irailaren 25a

Aralarko San Migel, lehen Alderdi Eguneko topagunea

43 urte beteko dira gaur, urtero-urtero, milaka euskal abertzale biltzen dituen lehen festa handi hura ospatu zenetik.

Aralarko San Migel, lehen Alderdi Eguneko topagunea

43 urte bete dira gaur EAJ-PNV alderdiaren jai handia den Alderdi Egunaren lehen edizioa (1977) egin zenetik. Jai horretan, urterik urte, Herri honetako milaka eta milaka herritar elkartu, unea partekatu eta euskal abertzale demokratikoak garela berretsi egiten dugu.


Hala eta guztiz ere, aurten, EAJ-PNVk erabaki du Alderdiaren jai handi honen 44. edizioa litzatekeena ez antolatzea. “Covid-19ak sorrarazitako pandemia dela-eta arduraz jokatzeko eta gaizki pasatzen ari diren pertsona guztiei elkartasuna adierazteko”. Nolanahi ere den, EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek Alderdi Eguna eremu pribatuan ospatzera gogatu ditu militanteak, “osasun-gomendioak une oro kontuan hartuta”.


Aralarren egindako lehen ospakizun hura egin zenetik, Alderdi Eguna irailaren azken igandean ospatu izan da beti, 1983koa izan ezik, uholdeak zirela-eta atzeratu egin behar baitzen; 1995ekoa, eguraldi ona bermatu nahian, saiakera ustelaz aurreratu zena; eta 2016koa, astebete atzeratu zena, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeekin bat zetorrelako.


Aralarren atzetik, Olarizu, Aixerrota, Itziar, Aiegi, Salburua eta Getxo etorri ziren. 1984tik 2001era, Salburua egoitza finko bihurtu zen. Gero, Altuben egin zen urte batean, eta harrezkero Forondan ospatu da gaur egun arte.


Aralarko lehen edizioan antolatutako ekitaldiak apenas aldatu dira urteak joan urteak etorri: herri-kirolen erakustaldiak, meza, desfilea, mitina, bazkaria… hori guztia nonahi aurki daitezkeen txosnen, umeen gunearen eta abarren inguruan.


Zinez espero dugu datorren urtean COVID-19ak bakealdia eman diezagun Alderdi Eguna berriro ere ospatzeko eta sentimenduzko nahiz konpromisozko milaka abertzale berriro elkartu ahal izateko jai handi honen bueltan, kezkak, bizipenak eta ilusioak elkarrekin partekatzeko.