Efemeridea 2020ko uztailaren 16a

Arrantzaleek Karmengo Amaren omenezko jaia ospatuko dute gaur

Uztailaren 16a egun berezia da egutegian itsasaldeko jendearentzat

Arrantzaleek Karmengo Amaren omenezko jaia ospatuko dute gaur

Gaur, uztailak 16 dituela, urtero-urtero legez, Karmengo Ama Birjinari gur egingo diote Euskadi osoko kostaldeko herri askotan. Santurtzin ere bai. Han, milaka lagunek gorazarre egin ohi diote arrantzaleen zaindariari orain dela ehun urte baino gehiago egiten den itsas prozesio batez. Ezkerraldeko udalerri horretan, Karmengo jaiak 1907an sortu ziren, Pio X.a aita santuak, urte horretako maiatzaren 29an, Ama Birjinaren zaindaritza aitortu baitzion herriari, Jenaro Oraa herriko abade nagusiaren ekimenez.


Egun batzuk geroago, uztailaren 16an, hain zuzen ere, lehorreko prozesioa egin zen arratsaldean, herriguneko hainbat kaletan zehar. Argazkian ikus daitekeen irudia uztailaren 21ekoa da, igandekoa, egun horretan egin zelako lehen itsas prozesioa, meza nagusiaren ostean.


Santurtzin ez ezik, kostaldeko herri gehienetan, Hondarribitik Bermeora, Sopela, Armintza, Pasaia, Orio, Getaria, Donostia eta abarretatik barrena, bai eta barrualdeko herri batzuetan ere, hala nola Balmasedan, Markinan edo Zornotzan, ekitaldi ugari antolatu ohi dira itsasoaren zaindariari eta arrantzaleei eskainitako egun berezi honetan.


Hala eta guztiz ere, aurten, COVID-19aren izurriteari aurre egiteko neurri gisa, ohiko itsas prozesioa ez da egingo, eta hala jakinarazi dute urteroko ospakizun hori egiten duten udal gehienek. Datorren urtera arte itxaron beharko dugu Karmengo Ama gure itsasertzeko uretan eta kaleetan berriro ere ikusteko.