Efemeridea • 2020ko urriaren 28a
“Askatasuna eta pakea”
1978ko urriaren 28an, EAJ-PNV alderdiak ETA erakunde armatuaren aurkako lehen manifestazio jendetsua antolatu zuen Bilbon.
Garai hartan, Leizaola lehendakariak eta haren gobernuko kideek erbestean jarraitzen zuten. Amnistiaren Legeak kartzelak hustu zituen, baina, frankismoaren garaian egin bezala, ETAk indarkeria erabiliz jarraitzea erabaki zuen. Ingurumari horretan, EAJ-PNV alderdiak manifestazioa egitera deitu zuen, sufrimendua besterik ez zekarten atentatuen aurka. Manifestazio horretan, EAJ alderdiaren EBBk lelo hau aukeratu zuen “Askatasuna eta pakea”.
Ideologia askotako talde politiko ugarik manifestazioarekin bat egin zuten arren, manifestazioaren aurkako ahotsak ere izan ziren. Berbarako, Txomin Ziluagak, Herri Batasunaren izenean, “demagogiko eta oportunistatzat” jo zuen deialdia. Valentín Solasgaistua EAE-ANVko idazkariaren ustez, deialdiak “ez zuen justifikaziorik”. Bestalde, EIAko (EE) zuzendaritzako kide Iñaki Martinezek esan zuen “zentralismoak eta bere akolitoek bakarrik baliatuko zutela”.
Manifestazioan parte hartu zuten buruzagiek onuragarritzat jo zuten deialdiaren emaitza, nahiz eta, une batzuetan, tirabirak izan, ibilbidea aldatu behar izan zelako eta poliziak aurrera egiteari uko egin ziolako.
Urriak 28 zituen 1978ko urte hartan, milaka eta milaka manifestarik bat egin zuten EAJ-PNV alderdiaren deialdiarekin. Martxa horretan, beste alderdi eta erakunde sindikal batzuetako ordezkariak ere izan ziren.
Arratsaldeko bost eta erdiak aldera, manifestariak Bilboko Kale Nagusian elkartu ziren, Casilda Iturrizar parkearen eta Jesusen Bihotzaren plazaren artean. Martxaren abangoardia Sabino Arana etorbidean eratu zen, agintari politikoak bertan baitzeuden. EAJ-PNV alderdiko buruzagiak, batez ere, Irujo, Arzalluz eta Garaikoetxea, txaloak jaso zituzten manifestazioaren burura heldu zirenean.
Martxa, gutxi-asko, arratsaldeko seiak laurden gutxitan, hasi zen, aurrealdean EAJ-PNV alderdiko militanteek ikurrina handia zeramatela; beste parte-hartzaile batek bi uso zuri zeramatzan eskuetan, eta EAJ-PNV, PSOE, PCE, ORT, PTE eta CCOOko buruzagiek pankarta handi bati eusten zioten, honako leloa agerian: “Askatasuna eta pakea”. Horien atzetik, buruzagi abertzaleak zetozen: Garaikoetxea, Arzalluz, Cuerda, Pujana, Bujanda, Galdos, Isasi, Irujo eta beste. Benegas, Múgica Herzog, Urralburu, Maturana, Iglesias eta beste sozialista batzuk. Roberto Lerchundi, Euskadiko Alderdi Komunistako idazkaria; Jon Gorrotxategi, Euskadiko ORT sindikatuko idazkaria; Tomas Tueros, CC.OO-Euskadiko idazkaria. Manifestazioa hasi aurretik, Ricardo Echanove UCDko Bizkaiko diputatuak buruzagi politikoak agurtu eta alde egin zuen. Martxa ez zen aurreikusitako bidetik igaro. Antolatzaileek nahiago izan zuten hasierako ibilbidea aldatzea, ezker abertzaleko kideekin ez topatzeko.