Efemeridea • 2023ko irailaren 22a
«Astilleros del Nervión» ontziola, euskal ontziola modernoen hazia
Bizkaian, «Astilleros del Nervión» ontziola hasi zen burdinazko eta altzairuzko ontziak eraikitzen.
Gaurkoa lako egun batean, 1888ko irailaren 22an, José María Martínez Rivasen ekimenez, ‘Astilleros del Nervión’ ontziolaren lehen harria jarri zen Ibaizabalen ibaiertzean. Garai hartako enpresa-ekimen garrantzitsuenetakoa izan zen, bai egindako inbertsioagatik (30 milioi pezeta), bai bertan aritu ziren langileen kopuruagatik (4.000 inguru). Ontziola hartako harmailetatik atera ziren Espainiako Armadako hiru koraza-ontzi: «Oquendo», «Vizcaya» eta «Infanta María Teresa» baina hirurak ere bizitza laburra izan zuten, Kubako gerran hondoratu baitzituzten, 1898an. Geroago, enpresa desagertu arren, Bizkaiko ontzigintzak jarraipen sendoa izan zuen: «Euskalduna» ontziola (1900) eta Sestaoko «La Naval» (1907).
Argazkia: «Astilleros del Nervión». Arotz-lantegia eta galibo-gela.