Efemeridea 2020ko irailaren 22a

Astilleros del Nervión ontziola, euskal ontziola modernoen hazia

Astilleros del Nervión ontziolan, burdinazko eta altzairuzko ontziak egiten hasi ziren Bizkaian.

Astilleros del Nervión ontziola, euskal ontziola modernoen hazia

Burdinazko eta altzairuzko itsasontziak egiteko lehen ontziola Bizkaian sortu zen. Gaurkoa lako egun batean, 1888ko irailaren 22an, José María Martínez Rivas bizkaitar industrialari eta meatzariaren eta Charles M. Palmer ontzigile britainiar ospetsuaren ekimenez, Astilleros del Nervión ontziolaren lehen harria jarri zen Ibaizabal ibaiaren ertzean. Garai hartako enpresa-ekimen garrantzitsuenetakoa izan zen, bai egin zen inbertsioagatik (30 milioi pezeta), bai langile-bolumenagatik (4.000 behargin inguru). Ontziola hartako harmailetatik, Espainiako Armadako hiru korazatu ekoitzi ziren: Okendo, Bizkaia eta Maria Teresa infanta, baina bizitza laburra izan zuten, 1898an, Kubako gerran, hondoratu baitzituzten.


Enpresa-ekimenak ez zuen jarraipenik izan, hainbat arrazoirengatik. Eskaintzaren aldetik, enpresa ez zen inoiz gai izan ontziak prezio lehiakorretan ekoizteko, arantzel-babesa izan arren; bestalde, bazkideek ez zuten nahikoa kapital izan egin beharreko inbertsio garestiei aurre egiteko, eta likidezia faltak lanak etetea eragin zuen.


Astilleros del Nervión desagertu ondoren, Bizkaiko ontzigintzak jarraipena izan zuen beste bi ontzioletan: “Euskalduna” ontziola (1900) eta Sestaoko “La Naval” ontziola (1907).