Efemeridea 2020ko azaroaren 3a

Augustin Zubikarai Bedialauneta, euskal kulturari lotutako idazlea

Augustin Zubikarai Bedialauneta Ondarroan jaio zen gaurkoa lako egun batean, 1914ko azaroaren 3an, hain zuzen ere.

Augustin Zubikarai Bedialauneta, euskal kulturari lotutako idazlea

Augustin Saturrarango eta Gasteizko apaizgaitegietan ikasi zuen, eta Gasteizkotik irten behar izan zen osasun-arrazoiengatik.


Kazetaritzan hasita, besteak beste, “Jaungoiko-zale”, “Euzkadi”, “Gudari”, “Argia” eta “Ekin” aldizkarietan argitaratu zituen artikuluak. Espainiako Gerra Zibila piztu ondoren, Donibane Lohizunera (Lapurdi) ihes egin zuen 1936an. Geroago, Euskal Herrira itzuli eta gudari aritu zen, bai eta, gerra betean, “Eguna” egunkariaren ardura hartu ere. Gerra Euskadin amaituta, kontzentrazio-esparruetan eta langileen batailoietan (Castro Urdiales, Aranda de Duero, Miranda de Ebro, Oteiza de la Solana eta Guadalajara) jardun zuen eta Ondarretako eta Azpeitiko kartzeletan ere egon zen espetxeratuta.


Preso-trukaketa batean, aske geratu eta Tabares eta Lannemezanera erbesteratu zen. Baina alemaniarrek Frantzia inbaditu zutenean, itzuli egin zen gurera eta hainbat kartzelatan preso egon zen (Figueres, Reus, Madril, Campo de Gibraltar).


1941ean, Ondarroara itzuli zen. Mutrikuko Arruti arrantza-lantegian lan egin zuen, kontulari. 60ko hamarkadan, idazle oparoa zen, antzerki-lan, eleberri, ipuin, olerki eta saiakera ugari zituela, baita itzulpen franko eginda eta kazetaritza-argitalpen askotan parte hartu zuela, guztiak ere euskaraz.


1983an, Bizkaiko batzarkide hautatu zuten EAJ-PNV alderdiaren izenean Busturia-Markinako barrutian. “Euskera zaintza” elkartearen izen bereko organoaren lehendakaria ere izan zen. Euskararen batasunaren aldekoa izan zen, herri hizkeraz ahaztu barik. 1993an, ohorezko euskaltzain izendatu zuten, 1961az geroztik euskaltzain urgazle izanik, Martin Ugalde eta Bernardo Estornes Lasarekin batera. 1995ean, Sabino Arana saria jaso zuen. Galdakaon hil zen, 2004ko uztailaren 12an.