Efemeridea 2020ko azaroaren 20a

AZAROAK 20

Gaur, azaroak 20 dituela, 45 urte bete dira gerrako kriminal eta bakearen etsai Francisco Franco diktadorea hil zenetik.

AZAROAK 20

Francisco Francok botereari eutsi zion, gutxi gorabehera, lau hamarkadatan, harik eta, 1975eko azaroaren 20an, ohean hil zen arte. Alabaina, hil aurretik, “harimutur guztiak ondo lotuta” zeuzkan, haren ondorengo Juan Karlos I.a erregea izendaturik.


Diktadorearen heriotzaren ondoren, Monarkia, Estatuko buruzagitza erakunde nagusi bilakatu zen berriro, eta “Trantsizioaren” eratzaileek “ontzia beste norabide batean” gobernatuko zuen erakundetzat aurkeztu ziguten.


Bestalde, argiro esan behar da, diktadorea hil bazen ere, hari lotutako instituzioek ez zutela inolako arazketarik izan, 1939an, Francok boterea eskuratu zuenean aurreko erakundeekin egin bezala. Adibidez, Ordena Publikoaren Auzitegia (OPA) Auzitegi Nazional bihurtu zen, baina epaile frankistak apartatu gabe. Gauza bera gertatu zen armadan, erregimenaren zutarri egonkortzaileetako bat izatetik batasun nazionalaren zaindari izatera igaro zen. Gainera, ordena publikoko indarrei ez zitzaien konturik eskatu diktaduran egindako jarduera jakin batzuengatik.


Franco hil zenean, kartzelak preso politikoz mukuru zeuden, eta haiek askatzeko eskaera egin behar izan zen kalean. Euskal auzian, preso askori delitu terroristak egitea leporatu zietenez, beranduago askatu zituzten, euren askapena lortzeko borroka nekezagoa izan baitzen.


27 urte igaro ziren, Parlamentuak frankismoa gaitzesten zuen lehen adierazpena onartu arte, 2002ko azaroan. Geroago, omenaldiak egin zitzaizkien erregimenaren errepresaliatuei, Ministerio arteko Erreparazioen Batzordea sortu zen, eta frankismoaren inguruko aipamenak zituzten ikur eta estatuak ere kendu ziren.


2019ko urriaren 24an, diktadorea “Erorien Haranetik” atera zuten, baina oraindik ere auzi ugariz hitz egin behar da eta delitu asko geratu dira zigorrik eta errudunik gabe.

 

Albistearekin batera, Josu Chuecaren erreportajea doa, 2009ko azaroan, DEIA egunkariaren “Historias de los vascos” atalean argitaratutakoa.