Efemeridea • 2024ko maiatzaren 2a
Baserritarra, euskal egunkari abertzaletan bigarrena
1897ko maiatzetik abuztura argitaratu zen. Hasieratik bertatik, Espainiako agintariek aurka egin eta jazarri egin zuten.
Gaurko lako egun batean, 1897ko maiatzaren 2an, Sabino Aranak sortutako bi euskal egunkari abertzaletan bigarrenaren (Baserritarra egunkariaren) lehen zenbakia kaleratu zen. Egunkari horren lehen zuzendaria Teofilo Guiard Larrauri izan zen, baina handik denbora laburrera Aranak berak hartu zuen kargua. Artikulu gehienen sinaduretan, goitizenak ageri ziren, hala nola "Lartaun ", "Basco", "Kondaño", "Barosain", edo "Chimbo".
“Baserritarra” sortu zenean, euskal abertzaletasuna hastapenetan zegoen, baina agintariek ideologia horren aurka egin zuten eta gogor jazarri zuten. Abertzaleen aurkako ekinbidea ez zen isunetan agortu; Sabino Arana espetxeratu zuten, Aranak sortutako “Bizkaitarra” itxi, eta Euzkeldun Batzokija ere itxi zuten. Hori dela eta egunkariaren bizitza laburra izan zen, 1897ko abuztuaren 28an betiko zarratu zuten. Hala eta guztiz ere, “Baserritarra” egunkariak jatorrizko helburua bete zuen.
Argazkia: Sabino Aranak sortutako egunkari abertzaletan bigarrenaren, hau da, “Baserritarra” egunkariaren, lehen zenbakia.