Efemeridea 2021ko uztailaren 27a

Bernardo Atxaga, inon den euskarazko idazlerik itzuliena eta sarituena

Jose Irazu Garmendia, Bernardo Atxaga izenez ezagunagoa, Asteasun (Gipuzkoa) jaio zen, gaurkoa lako egun batean, 1951ko uztailaren 27an.

Bernardo Atxaga, inon den euskarazko idazlerik itzuliena eta sarituena

Aita arotza eta ama maistra izan dituela, Ekonomian lizentziaduna (1973) eta Euskaltzaindiko kidea da 2006tik. Baina, batez ere, euskaraz idazten unibertsala izan daitekeela erakutsi duen literaturazale amorratua da. Izan ere, gaur egun Atxagaz hitz egitea, euskarazko idazlerik itzulien eta sarituenaz hitz egitea da.


1978an argitaratu zuen lehen liburu garrantzitsua, Etiopia poema-liburua, eta Kritikaren Saria jaso zuen. 1985ean, Bi anai eleberria argitaratuta, Obabako eskualde mitikoa sortu zuen, bertan, euskal landa-eremuko haurtzaroko oroitzapenak eta neurriz gaindiko irudimena nahasten direla. Obaban gertatzen da, hain zuzen ere,  Atxagaren maisulantzat hartzen den Obabakoak liburua. 1989an, Narratiba Sari Nazionala jaso zuen liburu horrek, 26 hizkuntzatara itzuli da eta, 2005ean, zinemako bertsioa egin zen, Montxo Armendarizen eskutik.


Ordutik aurrera, genero guztiak landu ditu: eleberriak eta narrazio laburrak, antzerkia, poesia, saiakera eta haur-literatura, eta euskal narratibaren adierazlerik gorentzat jotzen da. Atxagaren lan gehienak jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratu dira, baina esan behar da astesuarraren lanek muga guztiak gainditu dituztela eta 34 hizkuntzatan ere irakur daitezkeela.


Idazle gisa, hamaika sari jaso ditu bere ibilbidean, besteak beste, Kritikaren Saria, Euskadi Saria, Narratibaren Sari Nazionala eta Parisko Millepages Saria, Obabakoak (1988) lanagatik; Zilarrezko Euskadi Saria eta Kritikaren Saria, Gizona bere bakardadean (1993) lanaren kariaz; Bilboko Liburu Azokako Kritikaren Saria, Grinzane Cavour Saria, Mondello Mondello eta Times Literary Supplement Translation Prize, Soinujolearen semea (2004) lanagatik; Euskadi Saria eta Kritika Saria, Nevadako egunak (2013) liburuagatik; eta Espainiako Letren Sari Nazionala (2019), besteak beste.