Efemeridea • 2020ko abenduaren 23a
Bilboko lehen antzokia
Gaurkoa lako egun batean, 1816ko abenduaren 23an, suak hartu eta erabat suntsituta geratu zen Bilboko historian arte eszenikoei soilik eskainitako lehen eraikina.
Bilboko biztanle antzerki-zaletasuna oso zaharra bada ere, Bizkaiko hiriak ez zuen arte eszenikoetarako eraikin esklusiborik izan 1799. urtera arte.
Urtebete lehenago, 1798an, hiru norbanakok komedia antzezteko antzokia eraikitzea proposatu zuten: Antonio Adan de Yarza, Pedro Azaola eta Andres Escondrillas jaunek, hain zuzen ere. Antzokia altxatzeko, Erronda kalea aukeratu zuten. Eta eraikuntza-lanak egiteko, Alejo Miranda arkitektoa hautatu. Eraikin hark besaulki-patioa eta palkoz hornituriko hiru solairu izan zituen. Inaugurazioa 1799ko azaroaren 4an izan zen eta eraikinari “Coliseo” izena eman zioten bilbotarrek.
Baina antzokiak ez zuen hogei urte bete, 1816ko abenduaren 23an, sugarrek “koliseoa” jan baitzuten.
Sutearen ostean, bilbotarrak arte eszenikoei eskainitako beste gune bat eraikitzen saiatu ziren. Hala, hainbat urtetan behin-behineko antzoki batean aritu ondoren, 1834an “Hiriko antzokia” deiturikoa inauguratu zen. Eraikina Areatzan altxatu zen, egun Arriaga antzokia dagoen udalaren lursail berean.